Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan matrikulatzeko epea

Ostegunetik hilaren 18ra arte izango da izena emateko aukera, emailez edo aurrez hitzordua eskatuta

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Ostegunean zabalduko da datorren ikasturtean Usurbilgo Oinarrizko Lanbide Heziketako Udal Institutuan matrikulatzeko epea, eta uztailaren 18ra arte izango da zabalik. Oinarrizko Lanbide Heziketako Zikloa arautua da, eta doakoa. Honako ziklo hauek eskaintzen dira Usurbilen: oinarrizko lanbide-titulua sukaldaritza eta jatetxe arloan, eta oinarrizko lanbide-titulua ile-apainketa eta estetika arloan.

Oinarrizko ziklo horietan izena-emateko, honako bi baldintza hauek bete behar dira: batetik, 15, 16 eta 17 urteko gaztea izatea; eta, bestetik, DBH graduaturik ez izatea. Hala, lanbide heziketak eskaintzen duen programaren bidez, DBHko graduatua lortzeko aukera dute gazteek, eta, horrekin batera, Oinarrizko Lanbide Heziketako titulua lortzeko. Behin hori lortuta, erdi mailako zikloetara sarbide zuzena izan dezakete, edozein espezialitatetan, eta lan-munduratzea errazten zaie, izan ere, profesionaltasun-ziurtagiria ematen baitzaie.

Aurrematrikulazio aldian, 30 lagunek eman dute izena Usurbilgo Lanbide Heziketan: 15 lagunek sukaldaritza eta jatetxe arlorako, eta beste 15ek ile-apainketa eta estetika arlorako.

Esan bezala, beraz, ostegunean zabalduko da epealdia, eta izena emateko bi bide daude: Oinarrizko Lanbide Heziketaren webgunean (ohl.usurbil.eus), eta bertan matrikula on-line egiteko aukera izango da; edota hitzordua eskatu lhi@usurbil.eus helbidean edo 943 36 04 65 telefonora deituta.

Balantzea

Iazko ikasturteaz balantze positiboa egin du Idoia Beloki Usurbilgo Lanbide Heziketako arduradunak. Lehenengo maila 25 ikaslek gainditu dute, hau da: ile-apainketa eta estetika arloari dagokionez, lehenengo maila gainditu eta 2. maila 10 ikaslek egingo dute; eta, sukaldaritza eta jatetxe arloari dagokionez, 2. maila 15 ikaslek egingo dute.

Bigarren mailako datuei dagokionez, ile-apainketa eta estetika arloan, eskualdeko enpresetan lan-praktikak 6 ikaslek gainditu dituzte, eta, horietatik bi ikaslek, udarako lan-kontratuak lortu dituzte. Sukaldaritza eta jatetxe arloari dagokionez, 9 ikaslek egin dituzte praktikak eskualdeko enpresetan, eta horietatik 5 ikaslek lan-kontratuak lortu dituzte udarako. Orotara, Oinarrizko Lanbide Heziketako Titulua 15 ikaslek lortu dituzte.

«Emaitza kuantitatiboekin irakasle talde osoa konforme gaude. Nahiz eta adierazi behar, emaitza kualitatiboak askoz ere garrantzia gehiago eta handiagoa hartzen dutela», nabarmendu du Idoia Belokik. «15, 16, 17 urteko nerabeekin lan egiten dugu. Egunerokotasunean jarrerak eta lan-ohiturak lantzen saiatzen gara. Gizartean era integral eta osasuntsuan integratzeko baliabideak eskaintzen saiatzen gara. Hori da gure lanaren erronka. Nerabeak jaso eta bi urteko zikloa amaitu ondoren, heldutasunez pentsatu eta jokatzeko gazte kritikoak plazaratzea. Gazteekin lan egiten dugu. Gazteen baliabidetan sinisten dugu. Gazteei pertsona bezala era integral batean heldutasunez hazteko eta hezteko baliabideak eskaintzen dizkiegu. Programaren ardatza gaztea da. Programaren alde Udalak apustu sendoa egin zuen eta egiten jarraitzen du».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos