Zaintza-eredu berri bat kolektiboki eraikitzeko urratsa egin nahian
JOSU ARANBERRI
Usurbil.
Ostirala, 16 apirila 2021, 00:13
Udalak eta Matia Fundazioak zaintza ereduari buruzko parte-hartze prozesu bat abiatuko dute. Prozesu horretan erakundeek, zaintzaren sektoreak eta komunitateko eragileek parte hartzea aurreikusi dute, zaintzaren eredu berri hori kolektiboki eraikitzeko asmoz: horrek ezinbestean eragingo du gizarte-zaintzaren kultura konpartitua lantzea. Halaxe azaldu dute bi erakundeetako ordezkariek gaur emandako prentsaurrekoan: Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak eta Matiako kide Ainara Tomasena eta Erkuden Aldazek. Zenbait bilera egin dituzte dagoeneko herriko hainbat eragile eta norbanakorekin, parte-hartze prozesuaren nondik norakoen berri eman eta haien inplikazioa lortzeko. Solaberrietak azaldu duenez, hainbat dira udalak halako parte-hartze prozesu bati ekitea erabakitzeko arrazoiak. Batetik, urte luzeetan udalak eta Matiak izandako elkarlana dago, Matia Kalezarren eraikitzen ari den zaintzadun etxebizitzen auzunearen proiektuarekin areagotu dena. «Proiektu berritzailea eta aitzindaria da Euskal Herrian, bai alderdi sozialetik bai hirigintza arlotik, izan ere, Matiak adineko pertsonei zuzendutako arreta-eredu berri bat praktikan jarriko du, halabeharrez hara joan behar izan duen pertsona etxean bezala senti dadin lortzeko» esan zuen alkateak
Prozesuaren metodologia
Ainara Tomasenaren esanetan, proiektuan bi fase bereizi dituzte. Lehenengoan, zaintza eredu berria denen artean diseinatzea, eta bigarrenean, eredu hori herrian txertatzeko ibilbide-orria zehaztu eta gauzatzen hastea. Lehenengo, prozesua gauzatzeko, talde eragile bat eratuko dute. Bertan parte hartuko dute laguntza beharrean dauden pertsonek eta euren zaintzaileek zein zainketen arloan funtsezkotzat jotzen diren eragile komunitarioek, sentsibilitate desberdineko pertsonak uztartzeko asmotan.
Talde hori izango da proiektuaren motorra, nola garatuko den zehaztuko duena: talde horren lehenengo bilera maiatzean egitea aurreikusi dute. Talde eragileaz gain, beste foro parte-hartzaile batzuk ere jarriko dituzte martxan, gainerako eragile eta herritarrek euren ekarpenak egin ditzaten.
Egungo zaintza sistema nolakoa den aztertzetik hasi eta Usurbilen nolako zaintza eredua nahi duten irudikatuko dute hurrengo hilabeteetan. Asmoa da urte amaierarako eredu berri hori definituta izatea, eta, 2022an, pixkanaka, aldaketak egiten hastea.