Zabalik adinekoentzako oinarrizko euskara klaseetarako izen-ematea
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Asteartea, 19 urria 2021, 00:17
Adinekoentzako oinarrizko euskara klaseak abiatuko dituzte datorren astean, hilaren 21ean: ordu eta erdiko saioak izango dira, ostegunero, 18:15ean hasita, Artzabalen. Ikastaroa doan izango da, baina beharrezkoa da aldez aurretik izena ematea, urriaren 20ra bitartean, tokiak bete arte: Gure Pakea elkartean (Artzabalen, 10:00etatik 12:00etara bitartean) edo 943371999 telefonora deituta.
Iaz antolatu zuten lehenengo aldiz, apiril eta ekaina bitartean. Harrera «bikaina» izan zuen, eta, hori ikusita, luzeagoa izango da aurtengo ikastaroa, urriaren 21ean hasi eta ekainera bitartean. Iaz bezala, oinarrizko hiztegia eta esamoldeak lantzea izango da aurtengo ikastaroaren helburua: azalpen txikiak emateko gaitasuna lantzea, eguneroko erosketetarako gakoak, zenbakiak...
Hika ikastaroa
Bestalde, Hika lantzeko ikastaro berri bat antolatu dute udalak eta Etumeta euskaltegiak, elkarlanean, eta izena emateko epea ireki dute. Azaroko astearteetan egingo dute: hilaren 2an izango da lehenengo saioa eta 30ean, azkena; 18:15etik 20:00etara bitartean izango dira, Potxoenean. Alde teorikoa eta praktikoa landuko dituzte, Usurbilgo AEK-ko Rosa Zubeldia irakaslearen eskutik. Jakinarazi dutenez, hamasei lagunentzako tokia izango da ikastaroan, eta beharrezkoa izango da aldez aurretik izena ematea udalean, kultura@ usurbil.eus helbidera idatzita edo 943 37 19 99 telefonora deituta.
Hikaren ezagutza eta erabilera areagotzea du helburu ikastaroak, eta apirilean egindako ikastaroan bezala, oraingoan ere arreta berezia eskainiko diote nokari. 2016an egin zen azken kale neurketak, besteak beste, hikaren eta, batez ere, nokaren erabileran atzemandako beherakada jaso zuten: hau da, transmisioari dagokionez, agerian gelditu zen etena.
Horrez gain, udala eta Euskara Aholku Taldea elkarlanean ari dira hika eta hitanoa sustatzeko bestelako ekimenak antolatzeko. Jakinarazi dutenez, aurki emango dute datozen asteetarako dituzten aurreikuspenen berri.