'Usurbil goazen kalera' ibilaldiak urriaren 13tik aurrera
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Igandea, 3 urria 2021, 00:11
Urriaren 13tik aurrera 'Usurbil goazen kalera' ibilaldiak berreskuratuko dituzte jubilatuen elkarteek, udalarekin eta anbulatorioarekin elkarlanean, 2020ko martxotik etenda egon ostean. Orain zenbait egokitzapen egingo dituzte, segurtasun eta osasun neurriak bermatzeko.
Adinekoek eta mugikortasunerako zailtasunak dituzten herritarrek jarduera fisikoa egiteko antolatzen da 'Usurbil goazen kalera' ibilaldia. Ohiko formatuan, asteazkeneroko ibilaldiaren ostean zigilu bat jaso ohi zuten erabiltzaileek nork bere fitxan, parte hartu zuela ziurtatzen zuena. Orain, ordea, ez dute materialik konpartituko, eta beste era batera erregistratuko dituzte parte-hartzaileak. Parte hartu nahi dutenek asteazkenero izango dute horretarako aukera: 11:00etarako Artzabalera azaldu baino ez dute egin behar.