Udalaren dirulaguntzak urte hasieran eskatu ahal izango dituzte ostalariek
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Osteguna, 24 abendua 2020, 00:30
Hilaren 14ko prentsaurrekoan esan bezala, martxan izango dira laster Usurbilgo Udalak herriko ostalariei laguntzeko iragarritako 1.000 eurora arteko laguntzak: asteartean izango da, hilaren 29an, Tokiko Gobernu Batzordean. Pandemiari eusteko helburuz azaroan dekretatutako itxieraren ondorioei aurre egiteko dirulaguntza izango da. Eskatzen duten guztiek 700 euroko laguntza finkoa jasoko dute, eta beste 300 euro osagarri eskuratu ahal izango dituzte, baldin eta hornikuntza gastuak herriko komertzioetan egiten badituzte. Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu eta hurrengo egunean eskatu ahal izango dute dirulaguntza berria: eguberriak pasata. Udalak 40.000 euro gorde ditu zeregin horretarako.
Tokiko merkataritzarekin lotutako beste datu bat utzi du Gertuago kanpainak. Atzora arteko datuak kontuan hartuta, sei hilabetean ia 125.000 euroko ekarpena jaso dute herriko ostalari, merkatari eta zerbitzuen sektoreek. Horietatik 99.971 euro herritarrek jarri dituzte Gertuago erosketa bonuak erosita; udalak, berriz, 24.993 jarri ditu, bonuei lotutako deskontuak bere gain hartuta. Hala, guztira, 124.964 izan dira.
Zenbait establezimendutakoak agortuta dauden arren, oraindik ere eskuragarri daude erosketa bonuak gertuago.eus webgunean. Ekainean eskaini ziren bonuak erabiltzeko azken eguna 2020ko abenduaren 31 da; irailean jarri zirenak, berriz, 2021eko martxoaren 31 bitartean erabili ahal izango dira.
Bestalde, Gabonetan aldaketa batzuk izango dira zenbait udal-zerbitzuetan. Oiardo kiroldegiari dagokionez, gaur eta bihar eta abenduaren 31ean, nahiz urtarrilaren 1ean eta 6an itxita egongo da. Gainerako egunetan ohiko ordutegia izango da. Sutegi udal liburutegia, berriz, urtarrilaren 11ra arte jai egun eta larunbatetan itxita izango da: gaur, 25, 26 eta 31ean aurten eta urtarrilak 1, 2, 6, 9an datorren urtean. Gainerako egunetan ohiko ordutegian zabalik aurkituko duzue: 10:00-13:00 /16:00-19:30. Urtarrilaren 11tik aurrera, astelehenetik larunbatera zabalik egongo da. Azkenik, Garbigunea zabalik izango da gaur eta urtezahar egunean 09:30etatik 16:00etara.