Oporraldiko aisialdirako eskaintza segurua bermatu dute Udalak eta kirol eta kultur eragileek elkarlanean
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Asteazkena, 23 abendua 2020, 00:26
Datorren oporraldirako aisialdi segurua bermatzeko elkarlanean aritu dira azken hilabetean Udala eta herriko hainbat kirol eta kultur eragile. Hala, antzerki eta txotxongilo emanaldiak, bertsoak, Pirritx, Porrotx eta Marimototsen ikuskizuna, Neguko Txokoak, dantza emanaldiak eta Olentzeroren eta erregeen kabalgata antolatu dituzte, besteak beste.
Luken Arkarazo Silva kultur zinegotziak Covid19-ak eragindako osasun krisia eta horrek ekitaldiak antolatzeko sortzen dituen zailtasunak aipatuz hasi zuen aurkezpena, baina horri aurre egiteko azken hilabeteetan egindako lana nabarmendu zuen: «Ez da kasualitatea oporren bueltan aurkezten ari garen programa hau. Eragileentzat eta Udalarentzat kultura preziatua da, erdigunean jartzen dugu, eta horretan ari gara lanean, euskal kultura usurbildarrei ekarri eta euskal kulturaz zipriztinduz». Oporraldietako eskaintza, batik bat, haur eta gazteei zuzendua bada ere, usurbildar guztientzako osatua dela nabarmendu zuen.
Kultur eta kirol eragileen jardunari eusteko ahalegina egiten du Udalak, Arkarazoren esanetan, «egoera zaila hain zaila izan ez dadin haientzat, eta Usurbilek berezko duen bizitasun horri eutsi diezaion». Dena den, osasuna bermatzeko neurriak betetzearen garrantziaz ohartarazi zuen: «Eremu horian sartu gara, kutsatzeak nabarmen gutxitu diren seinale, baina ezin dugu erlaxatu, horrela izaten jarrai dezan, eta ahalik eta bizien mantendu ahal ditzagun gure herriko kaleak. Arduraz jokatzeko eskatu nahi dizuet: aisia eta ardura ez dira bateraezinak. Ondo pasa dezagun arduraz jokatuz, jende pilaketak saihestuz, eta abar».
Hitz Aho guraso elkartearen izenean, Ixabel Agirresarobek nabarmendu zuen aurten zerbait desberdina eskaintzea izan dutela buruan. Izan ere, urtero jostailuen trukea egin ohi dute, baina aurten egin ezin izango dutenez, txotxongilo emanaldi bat antolatu dute, 'Aioko' atzo izan zen emanaldia, eta sarreren diruarekin Mukwano Lagun elkartea lagunduko dute. Elkarte horrek Sutegin urtarrilaren 6a arte jarrita duen erakusketan ere izango da laguntza emateko aukera. Gaur, gainera, Mukwano-Lagun Elkartearekin kolaboratzen aritu zen Alaitz Aizpurua herritarrak eta elkarteko lehendakari Sabin Gabilondok solasaldia eskainiko dute proiektuaren nondik norakoak ezagutarazteko, 18:00etan hasita, Sutegiko erakustaretoan.
Axier Otegi herritarrak Olentzeroren etorrerarako prestatutakoen berri eman zuen. Izan ere, herriko hainbat talderen arteko elkarlanaren fruitua izan da hori ere, eta haiei eskerrik beroenak eman zizkien Otegik. Denen artean Olentzero ekartzeko ahalegina egin dute.
Udalarekin elkarlanean zein herriko hainbat talde eta norbanakorekin (antzerki taldea, Orbeldi, Hurbilago, Ixak Arruti, gazte kuadrilla bat...), Olentzeroren etorrera koordinatu du Otegik: «Herritik sortua, herritarren laguntzarekin egin dugu». Olentzero etorriko da, baina ez da aurreko urteetan bezala izango: auzoz auzo joango da, kamioi baten gainean, baina ez da inon geldituko, pasa baino ez da egingo. Haurrek, hala ere, euren gutunak Olentzerori helarazteko aukera izango dute, herrian jarritako hainbat postontziri esker: Aginagako eta Santueneako zahar etxeetan, Alamandegin, Artzabalen, Laukoten, Lauroken, kale nagusiko bi okindegietan, Txirristan, Txiribogan zein liburutegian.
Horrez gain, bihar bertan, Olentzerok Usurbilgo haurrentzako grabatutako mezu bat ikusgai jarriko dute, 20:00etan.