Mundualdi jaialdiko aurtengo aurkezpen ekitaldiko partaideak. J.A.

Mundualdiak jatorri desberdineko usurbildarren arteko elkarbizitzara bidean urratsa egingo du

Hilaren 27an izango da aurtengo Mundualdia, ezohiko formatuan

JOSU ARANBERRI

usurbil.

Viernes, 12 de marzo 2021, 00:17

Jatorri desberdineko usurbildarren arteko elkarbizitzara bidean urratsa egingo du 2021eko Mundualdiak, martxoaren 27an. Iaz, Covid19-ak sortutako osasun krisia tarteko, ez zen Mundualdirik izan, ez baitzegoen baldintzarik bere ohiko formatuan egiteko. Hilabete batzuen ostean, ezohiko formatuan egingo dute jatorri aniztasunaren inguruko jaialdia.

Publicidad

Bi zati izango ditu: azken hilabeteetan aniztasunaren inguruan udalak ekoiztutako ikus-entzunezkoaren emanaldia, batetik, eta garai desberdinetan Usurbila etorritako migratzaileei aitortza ekitaldia, bestetik.

Ikerketatik eratorritako ondorio nagusiak ikerketan parte hartu dutenei jakinarazi dizkiete otsailean egindako hainbat bileratan. Bilera horiek bazuten bigarren helburu bat: usurbildar guztien elkarbizitzarako proposamen zehatzak egitea, udalak hemendik aurrera eman beharreko urratsak definitzeko asmoz. Martxoaren 9an egindako bileran, ekarpen horien guztien berri eman zieten parte-hartzaileei, baita hilaren 27an egingo den Mundualdirako prestaketen berri eman eta haien ekarpenak jaso ere.

Hilaren 27ko egitarauari dagokionez, 17:00etan, 'Migrazioari maskarak erauzten / La migración, sin máscaras' dokumentala aurkeztuko da. Jarraian, aitortza ekitaldia burutuko da, frontoian.

Edukiera mugak direla eta, eskaera nahikorik balego, bigarren emanaldi bat izango da hurrengo egunean, hilaren 28an, ordu berean. Izen-ematea, usurbilkultura.eus webgunearen bidez egingo da.

Ikerketa, migrazioei begira

Azken urteetan, Euskal Herritik kanpora jaio eta Usurbilen bizi direnek herriaren erdigunea hartzeko jaia izaten zen Mundualdia, folklorearen eta gastronomiaren bidez. Aurten halakorik ezin da egin, ordea, Covid19a dela eta, eta bestelako formatu batean landu du Mundualdia udalak. 2020ko udazkenean Usurbilgo jatorri aniztasuna eta elkarbizitza lantzen ikerketa abiatu zuen Aztikerrek, Udalaren eskariz, eta esku artean dituzte dagoeneko emaitzak. Horrekin batera, ikus-entzunezko bat ondu du udalak, eta horixe da hilaren 27ko ekitaldian aurkeztuko dutena, eta garai desberdinetan herrira iritsitako herritarrei aitortza ekitaldia egingo diete, ondoren.

Publicidad

Ikerketa horretan azken hamarkadetan Usurbilek jaso dituen bi migrazio olatu nagusietako protagonistei galdetu zaie euren migrazio esperientziaz eta herrian harremanak egiteaz; herrian jaiotakoek ere hartu dute hitza, migrazio horiek nola bizi izan dituzten ezagutzeko. Zehazki, 1960-1970eko hamarkadetako migrazio prozesuarekin zer gertatu zen aztertu dute, nola bizi izan zuten batzuek eta besteek, helburu batekin: gaur egungo migrazioa ondo kudeatzea

Ikerketaren ondorio nagusiak biltzen dituen gida laburtua banatuko du udalak hurrengo astean, etxez etxe.

Este contenido es exclusivo para suscriptores

Suscríbete los 2 primeros meses gratis

Publicidad