Lizentzia berriarekin, emisioak etengabe neurtzeko eskatu dio Udalak Ucini
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Larunbata, 20 otsaila 2021, 00:13
Udalak jarduera lizentzia eguneratu berri dio Ucini, udal-eskumenak baliatuz. 2020ko uztailean eta azaroan Eusko Jaurlaritzak Ingurumen Baimen Bateratua eguneratu zion, 2016ko Europako Komisioak hartutako erabakiari jarraiki, eta horren ondotik eguneratu du Udalak jarduera lizentzia. Lizentzia berrituan Jaurlaritzak baimen bateratuan ezarri baldintzak baino neurri zorrotzagoak eskatu dizkio Udalak Ucin lantegiari, horiek ere 2016ko Europako Komisioaren irizpideak oinarri hartuta: Eusko Jaurlaritzak partikula baten etengabeko neurketa exijitu dio, eta Udalak, Jaurlaritzak eskatutakoa eta beste lau partikularen etengabeko neurketak gehitu ditu baldintzen zerrendara.
Hala, orain arte ez bezala, aurrerantzean hainbat parametro modu jarraituan neurtzeko eskatu diote enpresari: orain arte, urtean zehar neurketa puntualak egiteko derrigortasuna baino ez zuen.