Jexux Artze kultur elkarteak antolatuta udaberriko ekitaldiak
Zinea, antzerkia eta musika izango dira nagusi datozen egunetan
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Osteguna, 6 maiatza 2021, 00:11
Ohikoa den bezala, kultur ekitaldi sorta polita osatu dute aurten ere Jexux Artze kultur elkarteko kideek, eta ostiraletik maiatzaren 15a bitartean hauetaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek.
'Ane' filma ikusteko aukera izango da ostiralean Sutegi eraikineko auditorioan arratsaldeko 19.00etatik aurrera. David Perez Sañudok zuzendutako filmak 3 Goya sari eskuratu ditu aurtengo edizioan.
Larunbatean, berriz, antzerkiaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Arratsaldeko 19.00etan hasita 'Konpromisoa' antzezlana izango da ikusgai Sutegi eraikineko auditorioan. Joseba Apaolaza, Ramon Agirre eta Zuhaitz Gurrutxaga antzezleak izango dira oholtza gainean. Antzezlan honek gizartean puri-purian dauden gaiak jorratzen ditu: adiskidetasuna, etika edo elkarrekiko konpromisoa.
Azkenik, maiatzaren 15ean musikarekin emango diote amaiera aurtengo udaberriko ekitaldiei. Basabi eta Kimu taldeen kontzertua izango da Sutegi eraikineko auditorioan 19.00etatik aurrera.
Basabi musika klasikoa eta txalaparta ohiko eremuetatik kanpo zabaltzeko sortu zen proiektua da. Txalapartaren hotsak sokazko musika-tresnen sonoritatea diziplina biziagora eramaten du. Labetik atera berria den Kronos lana eskainiko dute.
Basabiren kontzertuaz gain, Kimu Txalaparta taldearen Kimu Berriak ikuskizunaren ale bat ikusteko aukera emango digute, Sergio Lamuedrak eta Txomin Dhersek egurrezko txalapartarekin.
Ekimen hauetara joateko sarrerak www.usurbilkultura.eus webgunean eskuratu daitezke.