Hizkuntza eskubideen inguruan herritarrak kontzientziatzeko hitzarmena
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Larunbata, 5 abendua 2020, 00:19
Hizkuntza eskubideen inguruan herritarrak aktibatzeko eta kontzientziatzeko urtebeteko hitzarmena sinatu berri dute Usurbilgo Udalak eta Hizkuntza Eskubideen Behatokiak. Bi erakundeen arteko harremana ez da berria, baina bai edukia, Agurtzane Solaberrieta alkateak aurkezpenean azaldu zuenez: «Herritarrak kontzientziatu eta aktibatu nahi ditugu, eta tresna eraginkorrak eman, euren hizkuntza eskubideak berma daitezen». Alboan izan zituzten, baita ere, zeregin horretan lanean diharduten Noaua! euskara elkartea eta Uema Udalerri Euskaldunen Mankomunitatea.
Herritarrak euren eskubideez jabetu daitezen zenbait ekimen jarriko dituzte abian, besteak beste, Behatokiak gaia lantzeko urte hasieran eskainiko duen saioa: zer hizkuntza eskubide dituzten eta haiek babesteko zein tresna dituzten azalduko diete. Horrez gain, urte amaieran, jasotako kexen txostena helaraziko dio Behatokiak Udalari. Horrez gain, udaletxean eta Potxoenean herritarren kexak jaso eta Behatokira bideratzeko aukera emango dute. Udalaren webgunean ere horretarako aukera berezia emango dute. Udalak, bere aldetik, 900 euroko diru-ekarpena egingo dio Behatokiari.