Herriko zazpi eragilerekin jarri da martxan Usurbilgo Oinherri taldea
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Asteazkena, 16 ekaina 2021, 00:29
Herriko zazpi eragilek osatu dute, orain arte, Usurbilgo Oinherri taldea: Noauak, Gaztelekuak, Ziortzak, Udarregik, Zubietako eta Aginagako eskola txikiek eta udalak. Taldea aurkeztu dute, Sutegin: Oinherri zer den eta Usurbilgo taldea zeintzuek osatu duten azaldu zuten, haur eta nerabeekin egindako lehen lanketaren berri emateaz gain.
Gaur egun, 25 herrik parte hartzen dute herri hezitzaileen sarean. Oinherrik aholkularitza eskaintzen die tokian tokiko taldeei, sareko kideen arteko elkartrukea ahalbidetzen, udalekin hitzarmenak sinatuta. Usurbilek iaz egin zuen bat Oinherrirekin.
Herriko taldeak orain arte izandako bilakaera azaldu zuen Aritz Rekondo Ziortzak kideak. Bi helburu izan dituzte: batetik, taldekideek eurek Oinherriren filosofia barneratzea eta egunerokoan nola aplika daitekeen jabetzea, eta, bestetik, elkar ezagutzea, eragile bakoitzak herrian zein ekarpen egiten duen ulertzea.