Hasieraz eta aho batez onartu dute Zapategi industrialki garatzeko hirigintza hitzarmena
Gureak-ek egoitza berria eraikiko du bertan eta 400 pertsonek bertan lan egitea aurreikusten da
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Ostirala, 8 urria 2021, 00:16
Hasieraz eta aho batez onartu dute, iraileko osoko bilkuran, Zapategi industrialki garatzeko udalak, Gureak-ek, Balferrek eta Michelinek adostutako hirigintza hitzarmena. Ohiko prozedurari jarraiki, jendaurrean jarriko dute hitzarmena GAO Gipuzkoako Aldizkari Ofizialean argitaratu ostean, alegazioak jartzeko. Halakorik balego, horiek jaso eta aztertu ondoren, plenoak eman beharko dio behin betiko onespena hitzarmenari,
Hitzarmen honen arabera, Gureakek bertan eraikiko du egoitza berri bat, Donostialdea zabaleko lan-eskatzaileei erantzuna emateko baliabideak areagotu dituena, eta Donostiako egoitza nagusiko azpiegituren osagarri izango dena. Guztira, hasiera batean, Zapategin 400 pertsona kokatzea aurreikusten du Gureakek, horietatik %90ek desgaitasunen bat dutelarik. Epe ertainean, 550 pertsonara arte iristea espero dute.
Akordio honek 2018ko urrian udalak, Gureak-ek, Elkar Fundazioak eta Michelinek adostutako hitzarmena indargabetu eta ordezkatuko du. Dena den, orain onartutakoa jatorrizkoarekiko desberdina denez, berriz hasi beharko du udalak arauen aldaketarekin. Agurtzane Solaberrieta Mesa alkateak aurreratu zuenez, asmoa da azaroko osoko bilkurara eramatea arauen aldaketarako lehen dokumentua hasieraz onartua izan dadin.
Covid19ak eragindako krisiak behartu zuen Elkar proiektutik ateratzera. Osasun krisiak gogor jo zuen euskal kultura, Elkar bera, eta hori izan zen akordiotik kanpo gelditzeko arrazoia. Izatez, osasun krisiak orokorrean baldintzatu du testuinguru sozioekonomikoa, eta, hori dela eta, garaiari egokitutako hitzarmena adostu dute, ekonomikoki bideragarriagoa izan dadin.
Eremu osoaren azalera 114.757,86 metro karratu dira eta kontsolidatu egiten du Michelinek erabiltzen duen lurzorua, pneumatikoak fabrikatzeko erabiltzen dena: 70.096,39 metro karratu hartzen ditu area horrek, hirigintza eraikigarritasuna 46.592koa izanik. Beste arean kokatuko dira Gureak eta Balferren bidez etorriko den enpresa (edota enpresak), 50.164,32 metro karratutan, hirigintza eraikigarritasuna 32.965 metro karratukoa delarik.
Eremua murriztu da
Aurreko proiektuarekin alderatuz, nabarmen murriztu dira eraikigarritasuna eta karga urbanistikoak eta erabilera industrialerako eremua izango da. Hitzarmenean oinarrizko hirigintza zehaztapenak jasotzen dira, gero Arauen Aldaketa Puntualarekin garatuko direnak. Oinarria oso ondo zehaztuta geratzen da. Ez da poligono industrial itxia izango: trama urbanoan integratuko den espazioa izango da. Erabilera desberdinak bildu nahi ditu, pertsonen joan-etorria bultzatzen du, irisgarritasuna eta genero ikuspegia aintzat hartzen ditu, eta baliabide naturalak modu harmonikoan zaintzen ditu. Espazio pribatua eta publikoa orekatzeko ahalegina ere egin da. Gureak-en ondoan zein enpresa joango den oraindik ez da ezagutzen.
Solaberrietak jakinarazi zuenez, Balfer kontaktuak egiten ari da, baina oraindik ez du erabakirik hartu. «Dena den, jarduera industrialerako eremua izango da eta kontuan izan beharko du Gureak, bateragarria izan. Ez da jarduera arriskutsurik izango».