Banda zabala landa eremura hedatzeko ekarpena egin dio Aldundiari Udalak
JOSU ARANBERRI
usurbil.
Osteguna, 18 otsaila 2021, 00:18
Herrigunean jarria dago banda zabala izateko azpiegitura, baina landa eremuko hainbat gunetan ez da zerbitzu hori eskaintzen oraindik. «Oinarrizko azpiegitura» dela uste du Udalak, eta, horregatik, banda zabala udalerriko baserri guztietara iristeko ahaleginean, Gipuzkoako Foru Aldundiari jakinarazi dio zeintzuk diren banda zabalik gabeko eremuak, hori konpon-tzeko prozedura abia dezan.
Beharrezko azpiegitura falta duten 75 etxebizitza identifikatu ditu Udalak, baserrietara deitu, baina ezinezkoa izan zaio denekin hitz egitea. Horregatik, zerbitzuan interesa dutenei otsailaren 26a baino lehen ingurumen eta nekazaritza sailarekin harremanetan jartzeko eskatu die, ingurumena@usurbil.eus helbidera ida-tzita edo udaletxera deituta.
Mapa bat kaleratu du ingurumen eta nekazaritza sailak, identifikatutako 75 etxebizitzak erakusten dituena. «Landa eremuan bizi den herritarren batek ikusiko balu bere etxebizitza falta dela, jar dadila gurekin harremanetan», eskatu dute.