2021erako aurrekontuak hasieraz onartuta, abenduko ezohiko osoko bilkuran
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Osteguna, 31 abendua 2020, 00:44
2021 urterako udal-gobernuak prestatutako aurrekontuak onartu dituzte, hasieraz, abenduko ezohiko osoko bilkuran, EH Bilduren botoekin; EAJk aurka bozkatu zuen, eta PSE-EEk abstentziora jo zuen.
«Oso testuinguru berezian kokatu behar ditugu aurrekontuok –dio EH Bilduk–, Covid19-ak eragindako osasun krisian eta horrek eragindako krisi sozial eta ekonomiko betean. Pandemia honek are ageriago utzi ditu lehendik ere bazeuden desberdintasunak, eta horregatik saiatzen gara gure politika publikoen garapenean zein pandemiaren kudeaketan kolektibo zaurgarrienak erdigunean jartzen: kolektibo zaurgarrienen ongizatea bermatuta, guztion ongizatea bermatzen dugu».
Udal-gobernua osatzen duen EH Bilduk oposizioko taldeei euren ekarpenak egiteko aukera eman zien, eta horien inguruko aipamena egin zuten, osoko bilkuran, haiei hitza eman aurretik. «Egindako ekarpenek hobetu egin dituzte aurrekontuak. Pandemia baten erdian gaude, eta adierazle guztiek diote okerrena etortzeko dagoela. Krisi latza datorkigu, eta egoera honek, inoiz baino gehiago, adostasunak eskatzen ditu, eta ez dut uste elkarrengandik hain urruti gaudenik». EAJren ekarpenei dagokienez, «mamian» ados daudela nabarmendu zuen EH Bilduk. «Iaz hiru ekarpen aurkeztu zenituzten, eta aurten horiek eta beste lau. Bi emendakin bere horretan txertatu ditugu, eta besteak ez baditugu txertatu ez da izan ados ez gaudelako. Izan ere, beste hiru lantzen ari gara: Etxealdiko antolamendua, banda zabala zein Haraneko hobekuntzak. Baina uste dugu zuek esan baino diru gutxiagorekin egin ditzakegula». Horrez gain, EAJren beste bi ekarpen udal eskumenekoak ez direnez, 2021eko aurrekontuetan ez islatzea erabaki dutela azaldu dute. «Elkarlanean ari gara eskumena dutenekin, eta zuen laguntza badugu, hobe».
PSE-EEk egindako osoko zuzenketa eta emendakin partzialak medio «harrituta» gelditu zen EH Bildu, baina azalpenak eman ostean, zinegotzi sozialistak aurkeztutako emendakin partzial batzuk onartu ditu EH Bilduk. .
EAJk, bere aldetik, kontra bozkatuko zuen. «Igoera bakarrak pertsonalgoan, Txirikordan eta dirulaguntzetan izan da. Txirikorda hiru urtetan finantzatuko da, baina ez dakiguna da zein eragin izango duen ekonomikoki. Guk zazpi ekarpen egin ditugu, eta bi bakarrik onartu zaizkigu. Sarrerak %10 jaitsi dira, baina gastuak soilik %1,3: zuhurtziaz jokatu duzuela diozue, baina ez dugu hala uste». EH Bilduk nabarmendu zuen ez dela «txikikeriatan» ibiltzeko garaia. «Kontrako boto hori ez dago nondik heldu».
PSEk abstentziora jo zuen. «Ez gaude ados partida batzuekin, Udalbiltzarako dirulaguntzarekin esaterako, baina zuekin bildu nintzen lehengo astean, eta nabarmendu behar ditut zuen jarrera irekia eta positiboa, eta onartu behar dut interpretazio oker batzuk egin nituela. Emendakin partzial batzuk onartu dituzue, eta hori ere eskertzekoa da. Hori guztia dela eta, osoko zuzenketa erretiratu nuen, baita emendakin partzial asko ere, eta nire botoa abstentzioa izango da».