'Usurbil Zabalik' programari buruzko informazio guztia, webgune bakarrean

Programa honetan parte hartzea erabaki zuten lokal jabeetako batzuk./
Programa honetan parte hartzea erabaki zuten lokal jabeetako batzuk.

JOSU ARANBERRIUSURBIL.

Usurbil Zabalik programak webgune propioa du, eta interesa duenak horri buruzko informazio guztia topatuko du aurrerantzean: hutsik dauden lokalen zerrenda, non dagoen bakoitza, zein ezaugarri dituen, zenbateko alokairua duen, eta abar. Lokal horietakoren bat alokatzeko asmoa duenak zein pauso eman beharko lituzkeen ere azaltzen du, xehe-xehe. Funtsean, hutsik dauden lokal komertzialen oinarrizko informazio guztia bildu da bertan.

Erdigunean hutsik dauden lokal komertzialak berreskuratzeko programa da Usurbil Zabalik: tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzuak indartzea herriari bizitasuna emateko tresna ezinbestekoa da. Usurbilgo herri gune eta auzoetako jarduera sozioekonomikoa berreskuratu eta sustatzea, eta tokiko merkataritza, ostalaritza eta zerbitzu eskaintza indartzea dira udalaren helburuak eta helburu hauen baitan Usurbil Zabalik egitasmoa kokatzen da , egun Usurbil erdigunean hutsik dauden lokal komertzialak berriz ere jarduerez betetzeko asmoz.

2015etik udalak lokal hutsetan eragiteko hainbat egitasmo bultzatu ditu: hainbat merkataritza lokal hutsen erakusleiho eta fatxadak atontzea (Usurbil Zabalik I) eta alokairua ordaintzeko dirulaguntzak, ekintzaileei zuzendutakoak, hutsik dauden lokaletan jarduera berri bat ezarri ahal izateko.

Hauei jarraiki, 2019an, ekintzaileek lokalak topatzeko orduan dituzten zailtasunak ikusita, Jarduera ekonomikorik gabeko merkataritza lokalen Poltsa Publiko hau osatu da. Egitasmo hau Guztion Beterri-Buruntza programaren baitan sustatu da (Andoain, Astigarraga, Hernani, Lasarte-Oria, Urnieta eta Usurbil).

Horrez gain, udalak diru laguntzak ematen ditu hutsik dauden lokalak berreskuratzeko, alegia, haietan jarduera ekonomiko berriak abiatu nahi dituzten ekintzaileentzako. Hain zuzen, jarduera abiatu eta lehenengo bi urteetako alokairuaren ordainketan laguntzeko da diru laguntza hori. Irailaren 30ean amaituko da dirulaguntza hauek eskatzeko epea.

Programan parte hartu nahi luketen lokalen jabeentzako zein lokal horietakoren bat alokatuko luketen ekintzaileentzako informazio guztia zabalik.usurbil.eus atarian duzue eskura.