45 urtetik gorako herritarrak lan-munduan txertatzeko proiektu berritzaile bat abian

Laneratzeko. 45 urtetik gorakoei zuzendutako proiektua. /  AMAXKAR
Laneratzeko. 45 urtetik gorakoei zuzendutako proiektua. / AMAXKAR

40 orduko talde prestakuntzaz gain, partaideek bakarkako hiru saio jasoko dituzte orientatzaile profesionalen eskutik

J.M. ZUBIAURRE GETARIA.

Asko dira 45 urte edo gehiago izan eta lan merkatutik kanpo dauden herritarrak edo lana hobetu nahi dutenak. Gehienek oso zail ikusten dute lan-mundura bueltatzea edo egokitzea; batetik, duten adinarengatik; bestetik, egungo lan mundu aldakorraren eskakizun eta eginkizunetara egokitzeko ezinbestekoa delako birziklatzea.

'45+ Indartzen' izenburua daraman programaren bitartez, prestakuntza eskaini nahi zaie 45 urtetik gorako eskualdeko pertsonei. Bereziki lan-munduan txertatzeko edota lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenei bideratuta, ekimenaren helburua da garapen pertsonalaren eta profesionalaren bitartez adin tarte horretako herritarrak ahalduntzea. Eskualdeko ongizatean beste urrats bat aurrera egin asmoz, programan parte hartzen duten herritarrek aukera izango dute prestakuntza-erreminta berritzaileez jantzi, munduarekiko begirada aldatu eta, funtsean, lan-ibilbidea indarrez (ber)-ekiteko.

Programaren helburua 45 urtetik gorako eskualdeko herritarrei aldaketarako indartzea, hobekuntzarako bidea irekitzea eta bakoitzarekiko eta munduarekiko begirada aldatzea, lanera- itzulera indarrez ekiteko. Eskualdeko 45 urtetik gorako herritar guztiei bideratuta dago. batez ere, lan mundura txertatzeko edo lan baldintzak hobetzeko zailtasunak dituztenentzat.

Guztira, 10 saiotan banatutako 40 orduko prestakuntza eskainiko da Urola Kostako Udal Elkartearen egoitza nagusian. Hain zuzen ere, maiatzaren 13tik 24ra bitartean: bi astez, goizez; 9:30etik 13:30era.

Programari hasiera emango zaio maiatzaren 6an egingo den hasiera-ekitaldiarekin (9:30-11:30). Bertan, programaren xehetasun guztiak azaltzeaz gain, partaide bakoitzarekin adostuko da bakarkako saioen egutegia. Taldekako prestakuntzaz gain, partaide guztiek hiru bakarkako saio jasotzeko aukera izango dute.

'45+Indartzen' programan parte hartzeko izena eman behar da, apirilaren 30a baino lehen. Izena emateko eskaera-orria web gunean jaitsi daiteke edo harreran jaso. Eskaera-orria, NAN fotokopia eta curriculuma aurkeztu beharko dira, emailez: lanpoltsa@urolakosta.eus posta elektronikora, edo aurrez aurre Urola Kostako Udal Elkarteko egoitzan: Urdaneta bidez 6, 20800, abendaño poligonoa, Zarautz. Urola kostako Udal Elkartea, Garapen Agentzia. Enplegu eta Lan-orientazio Zerbitzua (Vanessa Garcia, Olaia Sainz). Telefono zenbakia 943890808 eta posta elektronikoa lanpoltsa@urolakosta.eus.