'Urola ibaia' dokumentalaren emanaldia, asteazkenean Alondegian

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZUMAIA.

Urtarrilaren 2an, asteazkena, 19:00etan 'Urola ibaia' dokumentalaren emanaldi berri bat izango da Alondegia Kultur Etxean.

Dokumentalaren hasierako aurkezpena Luis Juaristik egingo du. Egileek dokumental hau egiteko erabakia hartu zuten Urola ibaiaren egoera ikusarazteko eta baita herritarrak ingurumenaren zaintzaren garrantziaz kontzientziatzeko. Dokumentala Unesco Etxeak Geoparkearekin elkarlanean antolatu duen 'Gure mundua eraldatzeko 17 helburu' erakusketaren baitan emango da. Erakusketa urtarrilaren 6ra arte dago zabalik Oxford aretoan.

Urte batean zehar filmatutako dokumentala da, 2017ko erdi aldetik 2018ko erdi aldera, nahiz eta lanean iragan mendeko hainbat irudi ere erabili diren. Guztiz Urola ibaiarengan oinarrituta egon arren, oso baliagarria izan daiteke Euskal Herriko gainontzeko ibaien egoera ulertzen errazteko. EITBko grabazio-teknikari ohi Jabier Arenasek sortu du 38 minutuko iraupena duen 'Urola ibaia' dokumentala. Dokumentalean, Urola ibaiaren historiaren kontakizuna egiten da, euskaraz eta Loiola Irratian esatari jardun duen Karmelo Otaegiren ahotsetan.

Kontakizuna Urolak erakusten dituen ezaugarrietatik hasten da eta egungo egoera deskribatzen da, nola hondakinen ubideratzeari eta depuratzaileen eraikuntzari esker errekuperazio bideari ekin zaion. Geroago, gizakion zabarkeriarengatik eta sentsibilitate ezarengatik ibaia jasaten ari den ondorioen azalpena egiten du. Amaiera, geure erantzukizunari, bizitzaren sorleku den ibaia garbi eusteko dugun betekizunari dei egiten dion Sebastian Lizasoren bertso batek ematen dio.

Erreka, ibai, itsaso eta abarrek jasaten duten kutsaduraren inguruan dagoen sentsibilizazio eskasiak sorrarazten dien kezkak eraman ditu dokumentala egitera. Herritarrengana iritsi nahi dute eta horiengan natura errespetatu eta ahalik eta garbien eusteko kezka suspertu. Dokumentala ez da katastrofista, ibaiek suspertze-gaitasun handia dutela erakutsi nahi da, begirunez zaindu beharreko txoko zoragarriak dituztela, bai geuretzat, bai bertan milaka urteetan bizi diren animalia eta landareentzat ere.