Ugaritzen doaz antxoazaleak Getarian

Frontoian. Batzuk etengabe lanean aritu ziren bitartean besteak prestatutako janari gozoak jateko prest. /  ARGAZKIAK AMAXKAR
Frontoian. Batzuk etengabe lanean aritu ziren bitartean besteak prestatutako janari gozoak jateko prest. / ARGAZKIAK AMAXKAR

Antxua Egunak jendetza bildu zuen atzo eta gaur jarraipena izango du ekimen ugarirekin |

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Antxoazale asko elkartu ziren atzo arratsaldean herriko frontoian parrillan prestatutako antxua jateko asmoarekin. Txakolina edo sagardoarekin bustita arrakasta handia izan zuen Elkano Arrantzale Kofradiak bederatzigarrenez antolatzen duen festa honek. Goizean Jaurlaritzako ordezkaritza bat egon zen Bittor Oroz Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea buru zutela, arrantzaleen kofradian eta bertan eman zituzten aurtengo berdel eta antxua harrapaketei buruzko xehetasunak.

Balenciaga Museoan urteroko Zilarrezko Antxuen aipamenak banatu ziren. Hiru sari eman zituzten Bittor berak, Nika Lertxundi alkateak eta Emeterio Urresti kofradiako presidenteak.

Aurten sarituak Gipuzkoako Arrantzale federazioa (saria Eugenio Elduayen presidenteak jaso zuen) eta Iñaki Zabaleta eta Alazne Uribarri izan dira. Salbatore Abesbatzak jarri zuen musika antxuaren ereserkia eta 'Boga Boga' abestuz, Ruben Mejutoren gidaritzapean.

Arratsaldean giroa herriko frontoira pasa zen. Festaren hasieran euri tantak azaldu eta aterkiak erabili behar izan zen, baina festa arazorik gabe amaitu zen.

Antxua Egunaren egitarauak jarraipena du gaur eta bihar. Goizeko 11:00etan bi ekimeni hasiera emango zaio, Berdura Plazan xake txapelketa eta itsasoan bela estropada.

Arratsaldean Txiki Cheff plazan (16:30), Urrezko Aizkora frontoian (18:30) eta Landarbaso Abesbatza kantari Salbatore elizan(22:00). Bihar IX. Antxua Eguna estropada trainerillekin (11:30).