Udalaren herri-konpostaren proiektua debekatu du GHK-k

Udalak, «hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea» nahi duela salatu, eta egitasmoari eutsiko diola azaldu du

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Gaur egun 700 familiek baino gehiagok kudeatzen dute euren organikoa auzokonposta eta autokonpostaren bidez Usurbilen. Kopurua esanguratsua izan arren, udalak ez du horretan geratu nahi: Usurbil 0.0 programaren helburuetako bat bio-hondakin guztia herrian bertan kudeatzea eta erabiltzea da, eta, hain zuzen, helburu horrekin sortu du herri-konposta egitasmoa.

Behemendi izango da hondakinak kudeatuko dituen erakunde publikoa. Hala, udalak Behemendiri emango dio bildutako organikoa. Bestetik, Behemendi eta baserritarren artean kontratu bat egingo da, eta baserritarrek Behemendiri lur zati bat utziko diote azpiegitura jartzeko. Baserritarra arduratuko da konpostatze prozesua zaintzeaz eta kontrolatzeaz, eta sortzen den konposta eurentzat izango da. Hala, baserritarrek organikoa kudeatzegatik diru saria izango dute, eta 70 euro/tonako ordainduko zaizkio. «Urtean 4.000 euro inguru izango direla kalkulatzen dugu», dio Ibon Goikoetxea Ingurumen teknikariak. Une honetan udala 138 euro/Tn-ko ordaintzen dizkio GHK-ri, organikoa kudeatzeagatik. Gainera, teknikariak nabarmendu du Usurbilen biltzen den organikoaren kalitate ona. Berriki aztertu du Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak bio-hondakinaren kalitatea eta, hark emandako datuaren arabera, inpropioen maila % 1,23koa baino ez da.

Xabier Arregi alkatearen hitzetan, «hondakinen kudeaketa jasangarrian, ekonomia zirkularrean eta garapen lokalean oinarritutako proiektua da». Gainera, Espainiako Ingurumen Ministerioaren dirulaguntza du egitasmoak, Eusko Jaurlaritzaren Ingurumen Sailari atxikitako Ihobe Sozietate Publikoak ere begi onez ikusi du, eta San Marko mankomunitateak idatziz jakinarazi du oso egokitzat duela proiektua.

Erabakia, Kontsortzioarena

Denbora luzea darama udalak proiektu honetan lanean. Proiektua martxan jartzeko, Jaurlaritzako Ingurumen Sailaren baimena baino ez du falta. Jaurlaritzak proiektuari oniritzia eman aurretik, ordea, San Markoren zein GHKren «baimena» beharrezkoa zela esan zioten udalari. Bi erakundeetan egin du kontsulta udalak, eta bietatik jasotako erantzunak kontrajarriak izan dira. Izan ere, proiektuak San Markoren oniritzia jaso duen bitartean, GHK-k ukatu egin dio baimena, haren esanetan, «ez baita udal eskumenekoa». GHK-k bidalitako erantzunean gogorarazten du 2007an Kontsortzioari hondakin orokorrak tratatzeko zerbitzuaren eskumena esleitu zitzaiola, eta horixe bera berretsi zela bai 2002-2016ko Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko Plan Orokorrean zein 2019-2030eko planean ere. «Usurbilgo udalerriaren esparruan sortzen diren hiri-hondakinen tratamenduari dagokion edozein erabaki Gipuzkoako Kontsortzioak baino ez du hartu ahal izango», gaineratzen du idatziak.

Hain zuzen, horixe bera salatu du Xabier Arregi alkateak: «Nola edo hala, hondakin guztiak beren eskuetatik pasatzea nahi dute, beraiek nahi erara kudea ditzaten. Horra zein den arazoa». Horren aurrean, eta etorkizunari begira, udalak herri konposta sortzeko egitasmoari eutsi egiten dio eta, horrenbestez, nahiz eta GHK-ren erantzun hori izan mahai gainean, Eusko Jaurlaritzatik lortu beharreko ingurumen baimenak tramitatzen jarraituko du. Aldi berean, egitasmoa begi onez ikusi duten gainontzeko erakundeei (Espainiako Ingurumen Ministerioari eta Ihoberi) jakinaraziko zaie momentuz jasotako diru-laguntzak ezin izango direla exekutatu, aipatu arrazoiengatik.

Testuinguru honetan, Gipuzkoako Hiri Hondakinak Kudeatzeko 2109-2030 Plan Berria eta EAEko Auzo Konpostaren Dekretua argitaratu dira. Udalaren ustez, bi dokumentu horiek «zentzugabeko trabak» jartzen dizkiote hondakinen gestio lokalari, eta bi erabaki horiek judizialki errekurritzeko aukera aztertzen da, uste baitu ez direla errespetatzen Usurbilen eskubideak.