Udalak Katraponako kantinaren esleipenerako prozedura hasi du

Katrapona plaza. Udaran berriz kantina jarriko da herriko txoko eder honetan. / AMAXKAR
Katrapona plaza. Udaran berriz kantina jarriko da herriko txoko eder honetan. / AMAXKAR

Kantina ustiatzeko interesa dutenek maiatzaren 24ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako Udalak abian jarri du Katraponako kantina eta komun desmuntagarriak erabili eta ustiatzeko esleipen prozesua. Lehiaketan parte hartu nahi dutenek maiatzaren 24ra bitartean izango dute aukera aurkeztu beharreko dokumentuak udaletxera eramateko.

Esleipena sinatu eta hurrengo egunetik, urriaren 31ra ireki ahal izango da kantina. Denboraldiko lizitazio prezioa 4.500 eurokoa da. Erdia esleipenetik 30 eguneko epera ordaindu beharko da eta gainerakoa urriaren 15a baino lehen. Horrez gain, 300 euroko behin-behineko bermea eskatuko zaio esleituari. Azken udatan bezala, langabetuek izango dute lehentasuna (Lanbiden izena emandakoek) eta, gutxienez, azken urtean herrian erroldatuak egon beharko dute.

Aurten, gainera, kantina berria jarriko dute, 20 metro koadrokoa. Horri esker, ez da beharrezkoa izango kanpoan bestelako elementurik jartzea. Kanpoan gauzak edukitzea galarazita dago, terrazen araudiak adierazten duen bezala.

Proposamenak

Esan bezala, Katraponako kantina ustiatzeko interesa duten guztiak maiatzaren 24ra arte izango dute proposamenak aurkezteko epea. Udaletxean egin behar da proposamena, goizetan 09:00etatik 13:00etara.

Proposamenerako agiriak bi gutunazaletan aurkeztu beharko dituzte. Lehenengoan honakoak sartu beharko dira, Katrapona plazako kantinaren kontratua. Kontratatzeko gaitasuna eta kaudimena izenburuarekin.Lizitatzailearen nortasun agiriaren kopia. Erantzukizunpeko berariazko aitorpena. Behin-behineko bermearen frogagiria. Hizkuntza- baldintzak betetzen direla ziurtatzeko agiriak edo euskera azterketa egin nahi duela jasotzen duen adierazpena. Lanbideko lan eskatzaile bezala inskribatuta dagoela agertzen duen agiria, bertan Getarian egoiliarra dela jasoko da. Lehiaketako jakinarazpenak jasotzeko helbidea, telefonoa eta posta elektronikoa.

Beste gutunazalean, Eskaintza ekonomikoa izenburukoa, Udalak zehaztutako ereduaren araberako proposamena aurkeztu beharko da

Lizitatzaile bakoitzak proposamen bakarra aurkeztu ahal izango du, nahiz eta aldaera edo alternatibak onartuko diren. Bakarrik aurkeztu bada, ezingo du beste batzuekin aldi baterako enpresa-elkartea eratuta beste eskaintzarik aurkeztu, ezta aldi baterako enpresa-elkarte batean baino gehiagotan agertu ere.

Baztertze nahiko arrazoibidea izango da eskatutako agiri guztiak ez aurkeztea edo gutunazalak behar bezala ez aurkeztea edo sinatu gabe agiriak aurkeztea .

Kantina jendearentzat irekita eta zerbitzua emateko moduan eduki beharko da derrigorrez 2019ko ekainaren 15etik 2019ko irailaren 15era, eta asteburu guztiak. Borondatezko epea berriz kontratua sinatzen den hurrengo egunetik eta 2019ko urriaren 31ra bitartean, derrigorrezko epea eta asteburuak kenduta. Ordutegia, 10:00etatik 24:00etara bitartean.