Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa sortuko dute Ugartondon
Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da
JOSU ARANBERRI
USURBIL.
Asteazkena, 23 urtarrila 2019, 00:43
Ugartondoko urbanizazio berrian Udalak eskuratuko duen eraikin publikoan belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa sustatuko du Usurbilgo Udalak. Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da: emantzipatu nahi duten gazteak eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoak izango dira erabiltzaileak. Udalak proiektu horren zerbitzura jarriko du ekipamendua, eta, orain, gazteei eta adinekoei dagokie proiektuaren nondik norako guztiak zehaztea.
Horretarako, hurrengo asteetan 5 lan-saio egingo dira, eduki guztiak zehazteko. Izan ere, Udalaren ustez, emaitza bera bezain garrantzitsua da egiten den bidea. «Bidea era kolektiboan egin nahi dugu. Era kolektiboan eraiki, era kolektiboan bizitzeko». Proiektua berritzailea da guztiz, mota honetako etxebizitza proiekturik ez baitago Euskal Herrian.
Xabier Arregi alkateak pasa den astean eman zuten prentsaurrekoan esandakoaren arabera, Ugartondoko urbanizazio berrian udalak eskuratuko duen eraikin publikoan belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa sustatuko du udalak. Herriko gazte eta adinekoei zuzendutako bizigunea izango da: emantzipatu nahi duten gazteak eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoak izango dira erabiltzaileak. Udalak proiektu horren zerbitzura jarriko du ekipamendua, eta, orain, gazteei eta adinekoei dagokie proiektuaren nondik norako guztiak zehaztea. Horretarako, hurrengo asteetan 5 lan-saio egingo dira, eduki guztiak zehazteko. Izan ere, udalaren ustez, emaitza bera bezain garrantzitsua da egiten den bidea. «Bidea era kolektiboan egin nahi dugu. Era kolektiboan eraiki, era kolektiboan bizitzeko». Proiektua berritzailea da guztiz, mota honetako etxebizitza proiekturik ez baitago Euskal Herrian.
Bizikidetza aberasgarria
Horrela bada, udalak ondorioztatu du ekipamendu publikoak emantzipatu nahi duten gazteei eta konpainian beren neurriko apartamentua nahi duten edadekoei, biei, erantzun diezaiekeela. «Bi behar horiei erantzun bateratua eman nahi diegu». Gainera, alkatearen esanetan, bi kolektibo horiek bateratzeak badu indar gehigarri bat. «Gazteen eta edadekoen bizikidetza aberasgarria da bi kolektiboentzat. Nire eskuek adierazten duten bezala, txirikordatu egiten dira, eta horrela, indartu». Hortik dator, beraz, proiektuari eman zaion izena: Txirikorda, belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioa.
Xabier Arregi alkateak nabarmendu zuenez, parte-hartzea da oinarria, eta orain proiektuari edukiak emateko txanda da, hots, proiektua definitzeko aldia. Eta horren ardura, nagusiki, Txirikordaren erabiltzaile potentzialek izango dute, hots, gazteek eta zaharrek. Izan ere, alkatearen irudiko, emaitza bera bezain garrantzitsua da egiten den bidea. «Elkarlanean jarriko ditugu proiektuaren definizioan. Bizikide izango diren artean egingo dute bidea. Bidea era kolektiboan egin nahi dugu. Era kolektiboan eraiki, era kolektiboan bizitzeko».
Hain zuzen, Hiritik At kooperatibak dinamizatuko du prozesua, eta Ainhoa Retegi Hiritik At-eko kideak eman du prozesuaren nondik norakoen berri. Orain arte, han eta hemen aritu dira proiektu hau aurkezten, hainbat gazte eta jubilatu elkarrizketatzen, eta proiektuak oso harrera ona izan duela argitu du. «Abiapuntu egokia da, beraz, proiektuari ekiteko».
Hurrengo asteetan bost lan-saio egingo dira eta urtarrilaren 26an izango da lehenengoa. Bertan, «etxebizitzaren izaera orokorra» gaia jorratuko dute.
Proiektu berritzailea
Xabier Arregik eta Ainhoa Retegik nabarmendu zutenez, gazteak eta adinekoak elkartzen dituen mota honetako proiekturik ez dago Euskal Herrian, eta, zentzu horretan, oso berritzailea da egitasmoa. “Europa iparraldeko herrialdeetan filosofia honekin ari dira lanean, baina, gure inguruan, artean, ez dago mota honetako etxebizitzarik”, adierazi zuen Ainhoa Retegik.
Ugarteko urbanizazioa laster hasiko dira eraikitzen, eta etxebizitza komunitario hau Ugarte baserriaren aldamenean eraikiko da. Aurreikusten da lanak 2021erako amaituta izatea, eta, horrenbestez, 2021ean bertan martxan jartzea. «Esperientzia pilotu bat da. Bide bat jorratzen hastera goaz, eta, horrenbestez, bide horren lehen urratsa da orain egitera goazena. Aukera bat izan daiteke etorkizunari begira, proiektu honek herritarren artean arrakasta eta onartze maila handia lortzen badu. Etorkizunera begirako formula berri bat izan daiteke», azpimarratu zuen Xabier Arregi alkateak.