Mus txapelketak zabalduko ditu San Prudentzio auzoko jaiak gaur

Bazkaria. Bertsoak entzun eta janari goxoa jateko aukera. / AMAXKAR
Bazkaria. Bertsoak entzun eta janari goxoa jateko aukera. / AMAXKAR

Gaueko 22:00etatik aurrera VII. Mus Txapelketa antolatu dute eta iganderako egitarau zabala prest dute

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Bi egunetan ospatuko dituzte San Prudentzio auzoan bertako festak. Gaur lehen eguna izango da eta San Prudentzioko Lagunak elkarteak VII. Mus Txapelketa deitu du gaueko 22:00etatik aurrera. Lau sari jarriko dira jokoan: lehenengoan, txapela, garaikurra eta Viveros San Anton otarra jasoko dute irabazleak. Bigarren sarian arkumea eta sei txakolin botila izango dira. Hirugarren sarian, Salanort-eko otarra eta lau txakolin botila eta azkenik laugarren sarian, gazta eder bat eta bi botila txakolin.

Igandean, San Prudentzio eguna ospatzen da eta jai egitaraua goizeko 10:00etan zabalduko da, Gazte Alaiak txistulari taldearen dianarekin. Meza aurretik txistulariekin San Prudentzioko martxa eta erretreta joko dira. 11:00etan meza nagusia eta eguerdiko 12:30ean Gure Txeru elkarteko dantzarien emanaldia. Ondoren eta 13:00etatik aurrera Getariako Udal Bandaren kontzertua iragartzen dute, auzoko ermitan.

14:30ean hasiera emango zaio bertso bazkariari eta bertan izango dira Maialen Lujanbio eta Unai Agirre. Gai jartzailea Uxune Areizaga izango dute. Menua: zurrukutuna, zikiroa, gazta eta irasagarra, ura, ardoa, sagardoa eta patxarana. Bertso Bazkariak arrakasta handia izan du, eta sarrera guztiak agortu dira. Bertso Bazkariaren ondoren, Xabi Solano eta Zigor DZren txanda izango da. Eurek girotuko dute II Nafarjito Festa. «Festa honetarako sarrera librea izango da eta hemendik gonbidapena luzatu nahi diegu herritar guztiei. Giro ona eta umorea ez da faltako», aurreratu dute San Prudentzioko Lagunak elkarteko kideak.