«Talde berria eta estilo berriak dauzkagu, herriari behar duen bultzada emateko»

EAJren Zestoko hautagaitzaren aurkezpena./
EAJren Zestoko hautagaitzaren aurkezpena.

EAJk bere hautagaitza aurkeztu zuen, Garikoitz Mendizabal buru duela

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ZESTOA.

«Herri bat gidatzeko ezinbestekoa da hau ezagutu, maitatu eta errespetatzea. Zertarako? Herriari entzuteko, eta dituen beharrei ahalik eta ondoen heltzeko. Eta hauxe da guk, EAJ-PNVk, Zestoan eskaintzen duguna». EAJ-PNVren Zestoako alkategai den Garikoitz Mendizabalek ideia hauek aldeztu zituen atzo, bere lan taldearen aurkezpen ekitaldian. Gehitu zuenez, herri «argia, irekia, jasangarria, alaia, garbia, humanoa eta baloretan aberatsa» eraiki nahi du alderdi jeltzaleak eta helburu hauei begira eraiki du EAJ-PNVk hauteskunde zerrenda.

Aurkezpena Laranjadi plazan egin zen eta Mendizabalekin batera, hitza hartu zuten Maria Eugenia Arrizabalaga, Deba-Urola hauteskunde barrutiko zerrendaburuak; eta Imanol Esnal, Zestoako EAJ-PNVren presidenteak. Zestoako zerrenda honako pertsona hauek osatzen dute: aipatutako Garikoitz Mendizabal alkategaia, Eva Mangas, Karmel Bedita, Katixa Monreal, Javier Manteca, Jose Francisco Aranberri, Miren Aristi, Tomas Odriozola, Jesus Elosua, Jacqueline Zunzundegi eta Itziar Ezenarro.

EAJ-PNVren hautagaiaren esanetan, Zestoan bozka erabilgarria bi alderdik ordezkatzen dute: EAJ-PNV edota EH Bildu. Adierazi duenez, kanpaina «agresiboa» egiten ari da EH Bildu, «pertsonei kalte egiterainoko marra gorriak zeharkatuz», baina gehitu zuen hori ez dela EAJ-PNVren estiloa. «Bronka horretan ez gaituzte aurkituko, estilo eta jarrera ezberdinak darabilzkigu». Horrela, maiatzaren 26an hauteskundeetan parte hartzeko dei egin zien zestoarrei, «gehien erakartzen dizuen zerrenda babestuz».

Bere programaren edukien inguruan, ongizatea eta kalitatezko enplegu gehiago sortzea lehentasun bezala jarri zituen alkategaiak. Eta, kultura eta bizikidetzan ere jarri zuen azpimarra. Kultur arloan, adierazi zuen apustu berezia egingo dela alkate bada, kultur ekipamenduak hobetuz eta kultur etxe berria martxan jarriz. Bizikidetzari dagokionean, memoria historikoaren arloan ikerketak jarriko ditu abian, eta emakume eta gizonen arteko berdintasunean sakontzeko plan bat jarriko du martxan, «herrian hautematen ditugun desorekei aurre egiten laguntzeko».

Bestalde, lehen sektoreari ere erreparatu zion jeltzaleak, «zerbitzu eta azpiegituretan auzoen arteko orekaren» alde lan egiteko konpromisoa hartuz. Beste hainbat ekintza ere aipatu zituen, esaterako, herriko irisgarritasun eta mugikortasun oztopoak zuzentzen jarraitzea, herriko sarrera eta irteerak hobetzea, Euskal Herria umeentzako jolasleku lasaia bihurtzea, Zubiaurre futbol zelai zaharraren inguruak aisialdi eta kirolgune bihurtzea, Zestoa eta Zumaia arteko bidegorria amaitzea eta jasangarritasunaren alde egiten jarraitzea, zaborren gaikako bilketarekin jarraituz. «Talde berria eta estilo berriak dauzkagu, herriari behar duen bultzada emateko», esan zuen Mendizabalek.