Santixabeletako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketa martxan dagoeneko

Santixabel jaietarako lehiaketa desberdinak abian dira. / ARANBERRI
Santixabel jaietarako lehiaketa desberdinak abian dira. / ARANBERRI

Bi kasuetan proposamenak maiatzaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Santixabel jaietarako motorrak martxan daude dagoeneko, eta jaiei lotutako 3 ekimen jarri dituzte martxan udalak eta jai-batzordeak. Batetik, festetako egitarauaren diseinua egiteko lehiaketaren oinarriak onartu berritu dituzte, eta, horrenbestez, lehiaketan parte hartzeko epealdia hasi da.

Bestetik, Santixabeletako txupinazoa nork bota proposatu ahal izango dute herritarrek aurten ere. Proposamena honako lekuetan utz daiteke: Potxoenean, udal liburutegian, Oiardo kiroldegian edo udaletxeko sarreran jarri diren hautetsontzietan. E-mailez ere igorri ahal izango da proposamena kultura@usurbil.eus helbidera. Maiatzaren 17an bukatuko da proposamenak egiteko epea.

Egitarauaren diseinua egiteko lehiaketari dagokionez, oinarrietan zehazten denez, lehiaketa publikoa eta irekia izango da. Lana originala eta argitaratu gabea izan behar du, eta ezingo du izan beste lan batzuen kopia. Lehiaketara norbanakoak zein taldeak aurkez daitezke. Taldean aurkeztuz gero, taldekide bat izendatuko da lanaren arduradun. Nahi adina lan aurkez daitezke.

Egitarauaren diseinua egiteko, egitarauaren testua Potxoenea Kultur Etxean jaso behar da edo emailez eskatu kultura@usurbil.eus helbidean, eta testu horretan oinarrituta egingo da diseinua. Hala ere, lanaren neurria librea izango da. Horretaz gain, udaleko logoa ere eduki beharko du. Jaietako egitaraua euskaraz egingo da eta lehiaketa irabazten duenak gaztelaniazko bertsio laburtua jasotzen duen tamaina txikiagoko eskuorria maketatu beharko du lehiaketa irabazi ondoren.

Lanak euskarri digitalean eta paperean aurkeztu behar dira. Euskarri digitalean: CD edo pendrive batean, aurkeztu beharko da eta PDF formatuan egon behar du. Hori bai, lan irabazlea aukeratzerakoan, epaimahaiak kontuan izango du lana inprimatzeak izango duen kostua. Inprimaketa kostuak, beti ere, bat etorri behar du udalak aurreikusita duen aurrekontuarekin. Gehiegizko gastua lana baztertzeko arrazoia izan liteke. Erabakia hartzeko orduan, garrantzi handia emango zaio, besteak beste, egitaraua erraz irakurtzeko modukoa izateari.

Aurkeztutako lanetan hizkuntza eta irudien erabilera ez sexista bermatu behar da. Pertsonen irudiak erabiltzekotan, emakumeen eta gizonen presentzia modu orekatuan eta ez estereotipatuan islatu behar da. Izan ere, emakumezkoak eta gizonezkoak neurri berean ekintzaile eta protagonista modura agertu behar dira, 4/2005 Emakumeen eta Gizonen Berdintasunerako Legeak agintzen duen modura.

Proposamenak maiatzaren 17a baino lehen aurkeztu beharko dira udaletxeko errejistroan edo postaz bidali beharko dira, eta epaimahaia Santixabeletako Jai Batzordeko bi kidek, diseinu arloan ezagutza duten bi kidek, eta kultura zinegotziak osatuko dute. Honela, lehiaketa irabazten duenak 500 euroko saria jasoko du. Saria eman gabe geratu ahal izango da, baldin eta aurkeztutako lanek ez badute behar besteko kalitaterik. Lanaren jatorrizko diseinuak inprimatzerakoan aldaketarik jaso lezake, irabazleak, egitarauko azken aldaketak egin beharko dituelarik inprentara eraman aurretik. Hautatutako diseinuaren egileak Usurbilgo udalari lagatzen dizkio ustiapen eskubideak.

Bertsopaper lehiaketa

Lehiaketa honetan 16 urtetik gorako usurbildarrek parte har dezakete. Lanek, gutxienez, 6 bertso izan beharko dituzte eta, gehienez, 10, eta ekainaren 21a baino lehen aurkeztu beharko dira. Sariak, berriz, honako hauek izango dira: 1go saria 200 euro eta oroigarria eta 2. saria 150 euro.

Txupinazoa

Urtero bezala, aurten ere herritarrek erabakiko dute nork botako duen Santixabeletako txupinazoa. Izenak proposatzeko epea jada zabalik dago, eta proposamenak honako lekuetan utz daitezke: Potxoenean, udal liburutegian edo Oiardo kiroldegian jarri diren hautetsontzietan. Halaber, kultura@usurbil.eus helbidera ere igorri ahal izango dira. Maiatzaren 17an bukatuko da proposamenak egiteko epea.