Salbatore jaietako konpartsaren gaia '80ko hamarkada' izango da aurten

2017. Konpartsa. /  AMAXKAR
2017. Konpartsa. / AMAXKAR

2019ko konpartsan parte hartu nahi dutenek bihartik maiatzaren 10a bitartean eman dezakete izena

J. M. ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako konpartsa batzordea lanean hasi da eta aurtengo Salbatoretan egingo duten saioaren gaia hautatu dute: '80ko hamarkada' izango da. Bertan parte hartu nahi dutenek izena emateko epea bihar zabaltzen dela jakin behar dute eta maiatzak 10ean amaituko dela.

Izena emateko bi aukera daude, Getariako udal bulegoan edota helbide elektronikora mezu bat bidalita (getaikokonpartsa@gmail.com). Informazio bilera bat egingo dute maiatzaren 6an, astelehena, 18:30ean Alondegian. Gogoratu, izena bikoteka (neska-mutil) eman behar dela eta, gutxienez, bietako batek getariarra izan behar duela (jaioterria edo bertan erroldatuta egotea). Entseguak, gainera, maiatzaren azken astean hasiko dira.

Batzordekideek honela animatzen dituzte partaideak: «80ko hamarkadan jaiotakoa edo 80ko hamarkadaz gozatu zuen horietakoa al zara? Momentu hartako bizipenak, dantzak, emozioak, arropa, giroa... gogora ekarri nahi? Dagoeneko bi urte pasa dira, eta badator aurtengo Getariako Konpartsa! Oraingoan, gainera, batzordea eraberrituta. Gogotsu hartu dugu lekukoa eta ateak zabalik ditugu konpartsa eta antolakuntza gustuko dituen ororentzat. Aurtengoan, aurreko urteetan eszenatokira begira egon zaretenoi eszenatokirako jauzia ematera animatu nahi zaituztegu».