Salbatore jaien arrakasta boluntarioen lanean oinarritzen da

Tortilla txapelketa. Boluntarioak laguntza eskaintzen. /  AMAXKAR
Tortilla txapelketa. Boluntarioak laguntza eskaintzen. / AMAXKAR

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Sei egunez festa giroan egon ondoren, iritsi da aurtengo Salbatoreen balorazioa egiteko momentua eta Udalak ohar bat kaleratu du. Bertan zera dio, «ohikoa baino festa-egun gehiago izan ditugu aurtengoan, eta, beraz, Udalak nahiz Txosna Batzordeak antolatutako ekitaldi-sorta handia izan dugu festaz gozatzeko, tartean baita Elkanoren Lehorreratzea ere. Herriko naiz kanpoko jende asko izan da egitarauko ekitaldi guztietan, eta, eguraldia lagun, giro ona nagusitu da aurtengo jaietan. Gainera, ez da nabarmentzeko ezbeharrik izan».

Beste aldetik, boluntarioen inguruan, berriz, hau azpimarratu dute: «Gauza jakina da Salbatoreetako ekitaldi nagusiak antolatzeko ezinbestekoa izaten dela boluntarioen lana. Hainbat elkartetako ordezkari gisa edo norbanako gisa, aurtengoan ere jende ugari ikusi dugu lanean, herriko jaiak ondo atera daitezen. Aurten, gainera, Lehorreratzearen antolaketak ahalegin berezia eskatu digu guztioi. Hori guztia kontuan harturik, Udalaren izenean eskerrak eman nahi dizkizuegu boluntario lanetan aritu zaretenoi. Herritarren lanerako prestutasuna da Salbatore Jaien arrakastaren oinarria, zuen laguntzarik gabe ez litzateke festarik. Beraz, lerro hauen bitartez, balore hori azpimarratu nahi dugu, hori baita Getariak duen altxor handienetako bat, denon artean zaindu beharrekoa. Gora Salbatoreak, eta eskerrik asko!».

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos