San Prudentzio jaiak datorren asteburuan ospatuko dira

Ermitan. Ekintza ugari burutzen dira urtean zehar eta festetan ere izango dira. / AMAXKAR
Ermitan. Ekintza ugari burutzen dira urtean zehar eta festetan ere izango dira. / AMAXKAR

Bertso bazkariak harrera ona izan du, eta dagoeneko sarrera guztiak agortu dira

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

San Prudentzio Lagunak elkartearen eskutik datozen ostiral eta igandean auzoko festak ospatuko dituzte. Jaien egitaraua zabaltzeko VII. Mus Txapelketa antolatu dute ostiralerako, apirilak 26, 22:00etatik aurrera. Lau sari jarriko dira bertan jokoan. Hala, txapela, garaikurra eta Viveros San Anton otarra jasoko dute irabazleek. Bigarren sarian arkumea eta sei txakolin botila izango dira. Hirugarren sarian, Salanort-eko otarra eta lau txakolin botila eta azkenik laugarren sarian, gazta eder bat eta bi botila txakolin.

Igandean, apirilak 28, San Prudentzio eguna ospatzen da eta jai egitaraua goizeko 10:00etan zabalduko da, Gazte Alaiak txistulari taldearen dianarekin. Meza aurretik txistulariekin San Prudentzioko martxa eta erretreta joko dira. 11:00etan meza nagusia eta eguerdiko 12:30ean Gure Txeru elkarteko dantzarien emanaldia. Ondoren eta 13:00etatik aurrera Getariako Udal Bandaren kontzertua iragartzen dute, auzoko ermitan.

Bertso bazkaria

Aurtengo festetako ekintza garrantzitsuenetakoa ondoren etorriko da. 14:30ean hasiera emango zaio bertso bazkariari eta bertan izango dira Maialen Lujanbio eta Unai Agirre. Gai jartzailea Uxune Areizaga izango dute. Antolakuntzak adierazi duenez, «bertso bazkariak arrakasta handia izan du, eta dagoeneko sarrera guztiak agortu dira». Beraz hurrengo baterako kanpoan geratu zaretenak erne ibili eta garaiz erosi txartela.

Bertso bazkariaren ondoren, Xabi Solano eta Zigor DZren txanda izango da. Eurek girotuko dute II Nafarjito Festa. «Festa honetarako sarrera librea izango da eta hemendik gonbidapena luzatu nahi diegu herritar guztiei. Giro ona eta umorea ez da faltako» aurreratu dute San Prudentzioko Lagunak elkarteko kideak.