41 postu jarriko dira igandeko Sagardo Egunean

Herritarrei deia egin zaie ohi bezala postuetan sagardoa zerbitzatzen aritzeko. / ARANBERRI
Herritarrei deia egin zaie ohi bezala postuetan sagardoa zerbitzatzen aritzeko. / ARANBERRI

Dema plazan, frontoia eta Askatasuna plazan kokatutako postuak 11:30etan irekiko dira

JOSU ARANBERRI USUBRIL.

Badator Sagardo Eguna. Maiatzaren erdi aldera iritsiak dagoeneko eta datorren igandean, sagardoa alkatetzat duen herriak ekitaldi honen 38. edizioa ospatuko du. Sagardoaren Egunaren Lagunak taldeko kideak burubelarri dabiltz herriko egun handi honetako ekintza desberdinak borobiltzen.

Dema plaza, frontoia eta Askatasuna plazan kokatutako postuetan nahi adin sagardo probatzeko aukera izango da goizeko 11:30etik aurrera. Baserriko, Euskal Sagardoa Jatorri Izendapen duena eta Gipuzkoako elkarteko sagardoa izango da dastagai beste urte batez. Guztira 41 sagardo postu jartzea aurreikusita dago eta Sagardoaren Egunaren Lagunak taldeak deialdia egin die herritarrei ohi bezala postu hauetan sagardoa zerbitzatzen aritzeko. Goizeko 8:00etan jarri dute hitzordua 11:30etarako guztia prest izateko.

Egitarauari dagokionez, aurrez esan bezala, 11:30ean emango zaio hasiera 38. Sagardo Egunari eta 12.00ean Egurrezko Sagardoaren lehiaketa eta Muztio lehiaketa burutuko da. 14.30ak arte sagardo desberdinak probatzeko aukera izango da bertan. Arratsaldean, berriz, 'Elektropatxaranga' ibiliko da kalez kale 18:00etatik aurrera.

Aurtengo edizioan berritasun bat ere izango da. Egurrezko Sagardo lehiaketaz gain, I. Sagar Muztio txapelketa antolatu ditu Sagardoaren Unibertsitateak (Usurbilgo Udalak, Alkartasuna Baserritarren Kooperatibak, Usurbilgo Sagardo Egunaren Lagunak, Gipuzkoako Sagardogileen Elkarteak eta Bizi Sagardoak lagunduta).

Bi lehiaketa hauetan Euskal Herriko edozein sagardogilek parte har dezake, lanbide duenak edo ez, sagardotegietakoak bezala etxerako egiten duenak ere. Sagardogile bakoitzak 6 sagardo botila edo muztio botila ekarriko ditu, denak kalitate berekoak eta botilak garbiak izango dira, ez dute inolako arrastorik edo etiketarik izan behar.

Botilak ostiraleko 12:00ak baino lehenago Usurbilgo Alkartasuna Baserritarren Kooperatibaren egoitzan entregatuko dira. Ordutegia: astegunean 09:00-13:00 eta 16:00-19:30. Larunbatean goizean soilik (Atallu Industrialdea 26, 20170 Usurbil, Gipuzkoa). Telefonoa 943361 114 da eta E-posta: alkartasuna@usurbil.com

Epaimahaiak lehen daskateta batean, azken dastaketara igaroko diren sagardo edo muztioak aukeratuko ditu, gainontzekoak lehiaketatik baztertuz. Azken dastaketa horretan erabakiko da zeintzuk diren lehen sari nagusia, bigarrena eta hirugarrena eskuratuko duten sagardoa edo muztioak. Era berean dastaketa horretara iritsi diren sagardo edo muztio guztien sailkapena egingo da.

Lehiaketaren azken dastaketa eta sari banaketa Usurbilen burutuko da, 2019ko maiatzaren 19an 12:30etan izango den 38. Sagardo Egunean, Goiko Plazako oholtzan. Sariak hauexek izango dira: 1. saria, Usurbilgo Herriko Etxea Saria diren 800 euro eta Sariaren Ziurtagiria. 2. saria, Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 250 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria. 3. saria, Alkartasuna Kooperatibaren Saria, 100 euroko txartela sagardogintza materialetan gastua egiteko eta Sariaren Ziurtagiria.

  • 0
  • 1

Sari banaketa azken dastaketa burutu eta jarraian egingo da. Saria eskuratzen duen sagardogilea edo muztiogilea bertan izango da, bestela hurrengoari emango zaio.