Portimaotik aterako da belaontzia gaur itsas ibilaldiko azken etapan

Pottoka. Belaontzia Portutik atera zeneko irudia. /  AMAXKAR
Pottoka. Belaontzia Portutik atera zeneko irudia. / AMAXKAR

Berriro Basurko kapitain dutela laugarren etapari ekingo diote gonbidatu berriak ontzian hartuta

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Munduaren inguruko lehen birari lotutako gaurkotasun gaien inguruan hausnarketa kolektiboa egiteko helburuarekin, joan den irailaren 15ean Getariako portuan hasi eta urriaren 11a bitartean, lau etapatan banatutako itsas ibilaldia egiten ari dira Getaria eta Sevilla artean. Hainbat gonbidatu Pottoka belaontzian egongo dira, Unai Basurko kapitain dutela.

Gaur laugarren eta azken etapari ekingo diote, Portimaotik irtengo dira eta itsas ibilaldiaren azken miliak egingo dituzte Sevillara iristeko urriaren 11an, datorren ostiralean, Sanlúcar de Barramedan geldialdia egin ondoren. Ibilaldiaren azken etapa horretan parte hartuko dute Peyo Lizarazu surflariak, Iban Ayesta filosofoak, Manuel Parodi historialariak eta Felipe Apalategui kultura kudeatzaileak.

Hirugarren etapa Cascais eta Portimao artekoa izan da, eta astebeteko ibilaldia atzo bukatu zuten. Etapa honetan Gonzalo Terceñok ordezkatu zuen Unai Basurko kapitaina eta hauek osatu zuten tripulazioa: Mari Paz Montesinos, Vértices plataformakoa; Virginia Garcia, Aranzadi Zientzia Elkarteko astronomoa; Ekai Txapartegi, EHUko filosofia irakaslea; eta Alejandro F. Aldasoro, idazlea eta bi aldiz finalista Euskadi Literatura Sarietan.

Hamasei tripulatzaile izango dira, beraz, ibilbidean zehar zati bat egingo dutenak eta gai hauen inguruko hausnarketa egiten ari dira; euskaldunek itsasoarekin duten harremana, itsasoa eta iraunkortasuna, zientzia eta teknologiaren eragina gizartearen garapenean, eta kultura aniztasuna zein mundializazioa.

Pottoka belaontziak 1.000 itsas milia egingo ditu Getaria eta Sevilla artean ostiralean amaitzen den zeharkaldian, ia hilabete iraungo duen itsas ibilaldian. Tarte horretan, hausnarketa prozesuan lan egiteaz gain, tripulatzaileek nabigazioaren esperientzia bizitzeko aukera izango dute, baita nabigazio teknika desberdinetara hurbiltzeko eta ontzi bateko eguneroko lanetara hurbiltzeko aukera ere. Itsas ibilaldiaren sustatzaile Elkano 500 Fundazioak munduaren inguruko lehen birak gizaterian eragin zituen aldaketen inguruan oinarritzen du bere jarduera, eta horien artean, pentsamenduaren arloa.