Parekidetasun sailak antolatutako ekimenak datozen egunetarako

Udalak hainbat ikastaro, jardunaldi eta aurkezpen antolatu ditu datozen asteetarako

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Parekidetasun Sailak hiru ekimen antolatu ditu maiatzerako, zein baino zein interesgarriagoak, herriko emakumeen ahalduntzea helburu: maiatzaren 8an, arratsaldeko 18:00etan, Pepa Bojoren hitzaldia izango da Sutegin, ahalduntze-taldeei buruz egin duen ikerketaren emaitzak aurkezteko: zer da ahalduntzea? Zer nolako lana egiten da talde horietan? Zein emaitza edo ondorio eragiten dute osasunean, edo norberaren aldaketa pertsonalean, edo genero-harremanetan?

Maiatzaren 13an, 'Volver a vivir' suizidioari buruzko dokumentala eskainiko da 19:00etan Sutegin eta solasaldia ere izango da Bidegain elkartearen eskutik. Suizidioagatik izaten diren heriotzen inguruan dagoen isiltasun tabua apurtu eta guztion artean komunikazio, elkarrizketa eta hausnarketa gune bat sortzea da asmoa.

Bestalde, mendi orientazioari buruzko ikastaroa ere antolatu du parekidetasun sailak. «Emakumeon artean mendizaletasunak gora egin du azken urteetan, baina sarri gizonen gidaritzapean egiten ditugu mendi irteerak. Ikastaro honetan autonomia osoz, guk geuk erabakitako lekura joateko ibilbideak diseinatzen ikasiko dugu baita baliabideak eta gaitasunak eskuratu ere. Patri Espinarrek emango du ikastaroa, eta, nagusiki, mendian era seguru batean ibiltzeko orientazioko oinarrizko ezagutza teoriko-praktikoak eskainiko ditu. Horretarako, mapa eta iparrorratza erabiltzen irakatasiko digu, era praktiko batean». Maiatzak 11,18 eta 25 eta ekainak 1,8 eta 15 dira aukeratutako egunak eta goizeko 9.30etatik 13.00etara izango da ikastaroa. Izen-ematea parekidetasuna@usurbil.eus edo 943377110 telefono zenbakira deituta egin daiteke.

Azkenik, Txirikorda belaunaldiarteko etxebizitza komunitarioaren proiektua diseinatzeko udalak urtarrilean abiatu zuen parte hartzeko prozesuaren azken saioa maiatzaren 4ean izango da, 12:30ean, Sutegin.

Saio horretan proiektuaren ondorio nagusiak aurkeztuko dira, bai eta aurrera begirakoak ere.

Udalbatza plenoa

Asteartean arratsaldeko 18:00etan apirileko ohiko udalbatza plenoa izango da pleno aretoan. Bertan, besteak beste, maiatzaren 26an ospatuko diren hauteskundeetarako mahaikideen zozketa egingo da gainera.

Horrez gain, 2020 urterako herriko jaieguna izendatuko da eta 2019ko finantza eta aurrekontuen arloko informazioaren berri emango da.