Ostiral honetan hasiko dira Errezilen bertako San Martin jaiak

Herriko dantzariak aurreko emanaldi batean. /  YARZA
Herriko dantzariak aurreko emanaldi batean. / YARZA

Hiru eguneko programazio oparoa antolatu du festa batzordeak. Hilaren 18an ere festa eguna izango da

ELI AIZPURU ERREZIL.

Urola bailarako herrietan, duda izpirik gabe, San Martin Eguna Errezilekin lotu ohi da,festak ospatzen baitira bertan eta urtero adin eta gustu desberdinetako pentsonentzat egitarau zabala antolatzen saiatzen da bertako festa batzordea. Aurtengoan ere izango da non gozatua. Ostiralean, azaroaren 9an hasi eta hiru egunetan zehar hainbat ekitaldi izango dira herrian. Hurrena, azaroaren 18a arte jauzia egingo dute jaiek eta IV. Kros mistoarekin batera, egun osoan zehar hainbat ekitaldi izango dira.

Ostiral honetan murgilduko dira jaietan errezildarrak. Arratsaldean hasita, 16:30etik aurrera haur jolasak izango dituzte. Ondoren, (19:00) triki-poteoa antolatu dute, herriko trikitilari gazteekin. Jarraian jaurtiko dute txupinazoa, festei hasiera ofiziala emanez. Festetako kalegarbitzaileek hartuko dute protagonismoa Borondegiko balkoian.

Behin hasiera ofiziala emanda, herri afaria izango da frontoian, Akerra elkarteak antolatuta. Festetako lehen egun honetan, gauerdian, gaztetxoen dantza emanaldia ere izango da. Bertan parte harzteko asmoa duten taldeek eskolan eman beharko dute izena azaroaren 7a, asteazkena, baino lehen. Ondoren, Elizagoien ahizpekin erromeria izango da.

Zapatuan, Mus txapelketarekin Borondegin, zabalduko dute eguneko egitaraua. Haurrentzako jolasak ere izango dira, frontoian (17:00). Triki-poteoa ere egingo dute. Eguneko zitarik garrantzitsuenetakoa 20:30ean hasita egingo den sagardo eta pintxo dastaketa izango da. Frontoian izango da eta kafea eta postrea ere eskainiko dira. 12 urtera bitartekoek 5 euro ordaindu beharko dute eta hortik aurrerakoek, 10 euro.

Eguna amaitzeko Obanekueren eskutik dantzaldia izango da.

San Martin Eguna

Igandean, hilak 11, egun handia izango da Errezilen, San Martin Eguna, alegia. Meza Nagusia izango dute jai eguna hasteko, 11:00etan, eta Borondegin egingo dute hamaiketakoa. Eguerdian, herriko produktuen azoka izango da eta honekin batera tarta eta gazta lehiaketa herrikoia ere egingo dute, frontoian.

Azoka postua jarri nahiz gero edota lehiaketan parte hartzeko, osteguna, hilaren 8a baino lehen, eman behar da izena udaletxera deituta (943812989).

Festetako berrikuntzetako bat San Martin Egunean izango da. Izan ere, bertso saioa antolatu dute parrokian. 17:30etik aurrera Andoni Egaña, Onintza Enbeita, Agin Laburu eta Alaia Martin izango dira kantari, Nekane Zinkunegi herritarraren gidaritzapean.

IV. Kros Mistoa

Behin hiru eguneko jaiak amaituta, atsedenaldia egingo dute Errezilen festei dagokienean baina beste egun bat gordeko dute erreserban. Honela, azaroaren 18a ere jai eguna izango dute. Goizean, 10:30ean, gaztetxoen krosa ospatuko da. Ondoren Errezilgo IV. Kros Mistoaren tartea izango da. Parte hartu nahi duten bikoteek dagoeneko izena eman dezakete herrikrosa.eus atarian. Bost kilometroko ibilbidea izango da . Inskripzioa bikoteko 20 eurokoa da eta horrekin batera kamiseta eta hamaiketakoa ere ordainduko dira.

Korrika saioa amaitu ostean, jubilatuen txanda izango da. Meza ospatuko dute estreinako 13:00etan, eta bazkaria izango dute gero, Borondegin. Bazkarian parte hartu nahi dutenek, aurrez izena eman beharko dute azaroaren 15erako, udaletxean.

Bazkaria baino lehen, ardo dastaketa ere izango da, dantzalekuan arratsaldeko 13:30ean. Amaitzeko, arratsaldean, euskaraldiaren barnean, Borondegiko aretoan, Idoia Torregaraik eta Mirari Martiarenk binakako monologoa eskainiko dute 'Bakean dagoena, bakean utzi' izenburupean.

Errezilgo udaletik herritarrak eta ingurukoak animatu nahi dituzte festetan parte hartzera.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos