Orbeldik antolatuta VII. Dantza Eguna izango da bihar egun osoan zehar

Talde desberdinetako dantzariak izango dira bihar ere Usurbilen. / ARANBERRI
Talde desberdinetako dantzariak izango dira bihar ere Usurbilen. / ARANBERRI

Lasarte-Oriako Erketz eta Iruñeko Ortzadar taldeak eta Monteagudoko Danzanteak izango dira aurten Orbeldikoekin batera herriko kaleetan

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Orbeldi Dantza Taldeak antolatuta VII. Dantza Eguna ospatuko da bihar Usurbilen egun osoan zehar. 2013. urtean hasi zen herriko dantza taldea ekimen honekin, eta urtez urte, berrikuntzaren bat sartu izan dute, eta aurten ere izango da horrelakorik. Izan ere, bihar arratsaldean I. Dantzari txikien topaketa burutuko da.

Hala ere, egun osoko jaia izaten jarraitzen du eta goizetik goizaldera bitartean dantzaz gozatzeko aukera izango dute herritarrek. Goizeko 10:30ean dantza taldeei harrera egingo zaie herriko pilotalekuan. Lasarte-Oriako Erketz taldea, Iruñeko Ortzadar taldea eta Monteagudoko Danzanteak izango dira aurtengoan Orbeldi Dantza Taldeko dantzariekin batera herriko kaleetan zehar ibiliko direnak.

11:30ean argazki ofiziala aterako dute udaletxe aurrean eta bertatik abiatuko da kalejira herriko txoko desberdinetan geldialdiak egingo dituztelarik dantza saio desberdinak eskaini asmoz. Ondoren, 12:30ean ekitaldi nagusia izango da herriko pilotalekuan. Saioa amaitu ostean bazkaria izango da Ageri Alden.

'Tipi Tapa Pub' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da herriko pilotalekuan 22:30ean hasita

Arratsaldean, berriz, I. Dantzari Txiki Topaketa burutuko da. 16:00etan Potxoenean elkartuko dira Urnietako Egape, Oiartzungo Haurtzaro, Lasarteko Erketz, Andoaingo Urki, Donostiako Herri Ametsa eta herriko Orbeldi dantza taldeetako kideak. Udaletxean 16:45ean argazki ofiziala atera ostean herriko kaleetan zehar kalejira egingo dute frontoian amaitzeko. Izan ere, bertan izango da emanaldi nagusia 18.00etan.

VII. Dantza Eguneko gaueko jarduerari dagokionez, Orbeldi Dantza Taldearen 'Tipi Tapa Pub' ikuskizunaz gozatzeko aukera izango da herriko pilotalekuan gaueko 22:30ean hasita. Herriko dantza taldearen barruan dauden talde desberdinetako kideak izango dira dantzariak egun honetarako espreski sortutako ekitaldian.

Azkenik, egunari amaiera borobila emateko, Larrian Gozo taldearekin erromeria izango da 00.00etan hasita.