Orain dela 18.000 urteko gizaki haiek oso toki malkartsua aukeratu zuten

Amaia Rotaetxe gidaria, kobazuloaren sarreran/Ibargutxi
Amaia Rotaetxe gidaria, kobazuloaren sarreran / Ibargutxi

Arkeologoek 1980an aurkitu zuten Zestoako Danbolinzulo. Askoz geroago konturatu ziren hor oreinak eta ahuntzak zeudela margotuta. Leizea itxita dago, baina oraindik orain bisita gutxi batzuk baimendu dituzte

F. IBARGUTXIDonostia

Lehengo astean gizon pribilegiatua sentitu nintzen, Zestoako 'Danbolinzulo' kobako margolanak (duela 18.000 urte eginak) ikusteko aukera izan bainuen. Leizea itxita dago irudiak aurkitu zirenez geroztik (2014ko abenduaz geroztik), eta halaxe jarraituko du, hura modu zorrotzean babestea jotzen baitute inportanteago, gizarteratzea baino. Ez da punta-puntako aztarna arkeologikoa, ez da espektakularra, baina badu bere zera, eta hura bisitatzea pribilegioa da, benetan.

Duela aste batzuk, Ekainberriko arduradunek adierazi zuten lagun gutxi batzuei aukera emango zitzaiela Danbolinzulon sartzeko, eskaera egin nuen eta zortea izan dut. Orain atzera berriz ere itxi da eta arkeologoek soilik izango dute hara azaltzeko aukera.

Antxieta taldea. Horiek aurkitu zuten kobazuloa, eta baita bertako irudiak ere / Ekainberri

Koba txikia da. Gela bat bakarra dago. Sartu eta, zuzen aurrera eginez, zortzi metroko tartea baino ez dago. Eta ezkerreko muturretik eskuinekora 25 metro dira guztira. Aldapa oso bizi baten erdian dago leizea, Ertxin mendian, Zestoako kamio ondoko harrobi ezagunetik gertu. Zergatik hartu zuten toki hori duela 18.000 urteko gizaki ehiztari-biltzaile haiek? Nirekin gidari lanak egin dituen Amaia Rotatetxek zera dio: «Adituen ustez, hau ez da toki egokia bizitzeko, oso aldapa pikoan baitago, eta inguruan urik ez. Beharbada ehizarako tokia zen, edo bailara ikuskatzeko aukeratuko zuten, begira zein ondo ikusten den hemendik Sastarraingo harana, eta Ekainberri bera».

Hipotesiak hipotesi, gizaki haiek kobazuloan sartu ziren eta animalia batzuk marraztu eta margotu zituzten. Hamasei animaliaren irudiak ageri dira: 2 orein eme, 2 ahuntz, 2 zaldi eta 8 zehaztugabe. Horiez gain, badaude marra sorta batzuk, printzipioz animaliarik irudikatzen ez dutenak. Lan hauek denak kolore gorrikoak dira, baina ez dago irudi bat bera ere osorik. Kontuan izan behar da zuloan argia sartzen dela, eta horrek erasan egiten diela margoei. 2014az geroztik itxita dago sarrera burdinazko ate pare batekin, eta oihal beltz batek argia sartzea eragozten du. Lehen ez bezala, orain ilunpean daude hango orein, ahuntz eta zaldiak.

Bertako margo batzuetan teknika berezi bat topatu dute, punteatua. Gizaki haiek bi teknika erabili zituzten: batetik, ohikoa izaten den lerroa; bestetik, hatz edo tanpoi batekin punteatu egin zuten marrazkia. Irudion azterketa hiru lagunek egin dute: Alvaro Arrizabalagak, Mª Jose Iriartek eta, batez ere, Marcos García Díezek; hirurak Euskal Herriko Unibertsitateko kideak. García Díezek adierazi duenez, Kantabria eta Bizkaiko beste leize batzuetako labar pinturen antza dute Zestoakook, adibidez Tito Bustillo, Llonín, La Pasiega eta Areatzakoekin.

Esan bezala, duela 18.000 urte egindako irudiak dira. Ekaingo zaldi famatuak baino zaharragoak dira, horiek 13-14.000 urte baitituzte.

Kobazuloaren sarreran, horman, hitz hauek daude margotuta: AJTA. Pentsakor jarri gara Amaia Rotaetxe eta biok, eta hark esan du: «seguru asko Antxieta Jakintza Taldeak Aurkitua esan nahi du horrek». Bai, bailarako beste kobazulo asko bezala, Antxieta taldeari esker dago Danbolinzulo arkeologiaren mapan. Azpeitiko talde horretako bi kidek, Andoni Albizurik eta Rafael Rezabalek, topatu zuten Ekaingo kobazuloa 1969an. Gero beste azpeitiar batzuk gehitu zitzaizkien, eta 1980an Danbolinzulo aurkitu. Garai hartan indusketa egin zen bertan eta Brontze Aroko zeramika zati batzuk azaldu. Baina orduan inor ez zen ohartu hango paretetan irudiak zeudenik. Gertatu zen handik urte askotara Mª Jose Iriartek prospekzio proiektu zabal bati ekin ziola eta nahi izan zuela kobazulo honen koordenadak ondo finkatu. 2014ko abenduan, Antxieta taldeko lagunak berriro azaldu ziren Danbolinzulora, ondo kostata, sasiz josita baitzegoen inguru guztia. Sartu ziren barruta eta kideetako batek, Jabier Maizek, kolore gorria sumatu zuen pareta batean. Halaxe gertatu zen aurkikuntza.

Eta Danbolinzulo izena, nolatan? Hau ere jakingarria da. Antxieta taldeko lagunak urte asko eman dituzte Urola haraneko harkaitzak miatzen kobazulo eta bestelako aztarna arkeologikoen bila. Horretarako, sistemetako bat baserritarrei galdetzea izan ohi da. 1980an, Ertxinondo baserrian galdetu zuten, eta hangoek esan zieten ezagutzen zutela leize txiki bat etxetik gora joanda, bertako umeen jolastoki izandakoa belaunaldiz belaunaldi. Halaxe, azpeitiar bisitariei berritu zieten aitona Praixku Arregi Arozenaren aspaldiko kontakizuna. Alegia, kobazulo horrek bazuela zer ikusia aspaldiko danbolin-jotzaile batekin, eta hortik izena.

Hona hemen Praixkuk etxekoei kontatua, eta gero Antxieta taldekoei transmititua: Pagio baserriko Santumiel eta bera izan ziren kobazuloa aurkitu zutenak. Bata 24-25 urteko gizona, bestea 14-15 urteko mutikoa. Bi baserri horietan ardiak falta zirela eta, inguruko bazterrak miatzen hasi ziren bi lagunok. Halako batean, zulo handi samar bat topatu zuten, sartu makila eta ezer topatu ez. Pagiora joan ziren eta, bedeinkatutako kandela hartuta, atzera gora abiatu ziren. Zer aurkitu zuten? Egurra mozteko harrizko aizkora bat eta ontzi batean ardi-okela beratzen jarrita, gatzetan.

Zelatan jarri ziren, eta nor azalduko eta herriko danbolin-jolea agertu bere haragiaren bila. 'Danbolin' esaten zioten herrian, eta kalean bizi ziren, baina bazekien ardiak non harrapatu.

Temas

Euskera