Oposizioan, baina Orioren alde lanean

Emeterio Iribar, Aizpea Ubegun, Gotzon Igoa eta Bixente Lasa, eta atzean hautagai berriak. /  ETXEBERRIA
Emeterio Iribar, Aizpea Ubegun, Gotzon Igoa eta Bixente Lasa, eta atzean hautagai berriak. / ETXEBERRIA

Orioko EH Bilduk azken lau urte hauetako errepasoa egin du, eta adostasunak lortzeko ahaleginak «emankorrak» izan direla diote

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCO ORIO.

Orioko EH Bilduk amaitzear dagoen agintaldi honen errepaso labur bat eginaz, prentsaurrekoa eskaini zuen duela egun batzuk. Honela zioten: «EAJren pasibotasunaren aurrean EH Bilduko lau zinegotziok saiatu gara beste bi alderdietako hiru zinegotziekin adostasunak lantzen eta, gure ustez, oso emankorra izan da ahalegina».

Emeterio Iribar, Aizpea Ubegun, Gotzon Igoa eta Bixente Lasa zinegotziek hartu zuten hitza. «Gai izan gara proposamenak adosteko 2017, 2018 eta 2019ko udal-aurrekontuei begira, nahiz eta, EAJren moteltasunaren ondorioz, gaiak nahi bezain azkar ez egin». Lan asko egin eta ekimen ugari bultzatu dituztela esan zuten, gaur egun burututa edo burutzear daudenak: liburutegiaren berrikuntza, Arraunetxeko aretoa eta museoaren egokitzapena, pobreziaren azterketa, Ongizate zerbitzua hobetzeko administrari-lanpostu berria, Arrantzale kaleko bidegorri-lanak berraztertzea...

EH Bilduren ustez, Dike-Kofradia inguruko planak aparteko aipamena merezi du. «Hasieratik EAJk jarritako oztopo eta trabak ikusita, prozesu ilun eta liskartsu baten bidetik joango ginen. EH Bilduk eta oposizioko beste bi alderdiek Kofradiako eta Dikeko lur-jabeekin egindako elkarlanak egin du posible egoera bideratzea. Laster hasiko dira kofradia eraisteko lanak eta hori berri pozgarria da herriarentzat».

EAJ «noraezean»

Errepasoari jarraipena emateko, udal-gobernuaren gidaritza eraman duen EAJ alderdiak egindako kudeaketa aipatu zuten. «2011-2015 agintaldi osoan EH Bilduk gidatutako gobernuari kritika gogorrak egin ondoren, eta 2015-2019 agintaldiari begira hainbat egitasmo proposatu ostean, 13tik 6 zinegotzi lortu zituen EAJk. Beren esanei kasu eginda, bazirudien EAJk ekimen mordoa jarri behar zuela martxan (10, zehazki), Orioren garapenari begira eta oriotarren bizi-kalitatea hobetzeko».

Gogoratu zutenez, 'Ekinez egina' lelopean aurkeztu zuten beren programa, gogoratuz aurkeztutako egitasmoak: industria-gune berriaren bitartez Orioko enpresa-sarea sustatzea; instalakuntza, azpiegitura eta udal-zerbitzuen hobekuntzarako planak; adineko mendeko pertsonentzat egoitza; eraginkortasunez eta gardentasunez gobernatzea; etxebizitza lortzeko neurriak hartzea; Udal-gestioan herritarren parte-hartzea sustatzea; gaikako hondakinen bilketa; edukiontziaren bitartez gure kaleen garbiketan sakontzea; turismoa indartu, gure komertzioa eta ostalaritza babesteko; euskara eta kultur ekintzak sustatu; eta kirol eta gazteriari lotutako ekimenak zabaltzea.

«Beren herri-politikari jarraituz, ustez, oso programa sendoa eta liluragarria aurkeztu zuten, baina, lau urte pasa ondoren, zer iritzi duzue egitasmo hauei buruz? Orioko etorkizunari begira, zer da EAJko udal-gobernu honek landu duena? Hobekuntzarik izan al da kudeaketari dagokionez?; Aurreraka goaz, ala atzeraka?», galdetu zuten.

«Barrendik ikusita, kemenik gabeko EAJ bat ezagutu dugu, noraezean eta akordiotarako borondaterik gabekoa. Zoritxarrez, horrek eragin kaltegarriak izan ditu oriotarrentzat. Adibide batzuk jartzeko: Plan Orokorra, plazako obrak, langileen kontratazioak edo pobreziaren azterketa. Gai horiek guztiek bi eta hiru urteko atzerapena daramate. Gauza bera esan dezakegu hondakinen bilketa-sistema berriari egin beharreko egokitzapenei buruz eta sistemaren jarraipenari buruz. Koordinazio eta antolakuntza faltaren ondorioz, kaosa bizi izan dugu batzordeen funtzionamenduan», zioten EH Bildutik.

Hainbat batzorde, berriz, (merkataritza, ongizatea, kirola, hezkuntza eta euskara, esaterako) «kasik desagertuta egon dira. Kanpainan horrenbeste famatu zuten 'kudeaketa ona'-ren adibiderik ez dugu ikusi, zoritxarrez». Esan zutenez, «egoera honen aurrean errazena, aurreko agintaldian EAJk oposiziotik egin zuen gauza bera egitea izango zen; baina ez dugu horrela jokatu nahi izan».

Orioko EH Bilduren ustez, «orain dela lau urte EAJk kea saldu zuen, jakinda zertan ari zen, gauzatu ezineko proposamenak eginez. Herriari berriro sinestarazi nahi zioten EAJ zela aukera bakarra. Ikusi dugu, ordea, hori ez dela egia eta urrun daudela aukera bakarra izatetik».

Beste taldeek ere badituztela proposamenak. «Beharbada, xumeagoak dira, itxura batean, gure egitasmoak; baina, aldi berean, egingarriagoak ere bai. Politikan adostasunak bilatzea da gakoa; eta horretan EAJk berriro huts egin du, nabarmen, agintaldi honetan».

Etorkizuneko erronkak

Agintaldi berrian ez dute jarraituko lau zinegotziek. «Gure agurraren atarian, bi aipamen egin nahi genituzke. Gure erreleboa emateko garaian, konfiantza osoa dugu, datorren agintaldiari begira, EH Bildutik aurkeztu den zerrendarekin eta lantaldearekin. Gaitasun handia daukate eta ez zaie ilusiorik falta. Ziur gaude lan paregabea egingo dutela, herritarrek erabakitzen duten ardura-mailarekin, denon bizi-kalitatea hobetzeko. Gure laguntza eta babesa hor izango dute beti ere». Amaitzeko honakoa esan zuten: «Orioren eta oriotarren etorkizuna bermatzeko, behar-beharrezkoa da Udalari norabide egokia markatu eta bultzada sendoa emango dion gidaritza. Lau urte hauetan erakutsi dutena ikusita, nekez etorriko da udal-gobernua izan duen EAJ-aren eskutik».