Oihalen diseinuko eta estanpazio digitaleko tailerra museoan maiatzak 4tik aurrera

Museoan. Tailer berria prestatu dute, oraingoan estanpazio digitalarena. /  AMAXKAR
Museoan. Tailer berria prestatu dute, oraingoan estanpazio digitalarena. / AMAXKAR

Jarduera teoriko-praktiko honek 'pattern design'era hurbiltzea proposatzen die partaideei

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Errepikapeneko patroi grafiko bat sortzeko tekniketara eta gaur egungo tresna digitalek eskaintzen dituzten aukeretara hurbilketa egingo da Cristobal Balenciaga Museoak antolatutako tailerraren atal teorikoan. Alderdi praktikoaren helburua, aldiz, diseinu pertsonaleko proiektu bat osatzea izango da, hasierako ideiatik edo zirriborrotik hasi eta ongi ekoitzi ahal izateko ezinbestekoa den 'rapport' eta diseinuaren zehaztapeneraino. Parte-hartzaile bakoitzak patroi bat egin beharko du, eta digitalki inprimatutako oihal bateko metro lineal batean jasoko du bere diseinua.

Tailerra larunbatero egingo da, 2019ko maiatzaren 4tik ekainaren 22ra bitartean. Cristobal Balenciaga Museoan bi saio burutuko dira eta Kutxa Kultur Moda Tabakaleraren egoitzan berriz beste sei saio egingo dira. Ordutegiari dagokionez, saio guztiak goizean egingo dira, 10:00etatik 14:00etara izango direlarik. Hizkuntzari dagokionez, gaztelaniaz emango da tailerra.

Irakaslea Malús Arbide izango da. Oihalen diseinu eta estanpazio digitala ikasteko interesa duten pertsonei zuzendua da jarduera hau.

Bete beharreko baldintzak honakoak dira: parte-hartzaileek oinarrizko ezagutzak eduki beharko dituzte, gutxienez, lan tresna gisa erabiliko den programatako batean: Photoshop edota Illustrator. Parte-hartzaileek, halaber, ordenagailu bat eduki beharko dute, eta baita aipatutako programa horietako bat ere, gutxienez.

190 euro ordaindu behar dira. Prezioaren barruan sartzen dira materialak eta egindako diseinu edo proiektua estanpatuko den metro bat oihal, jarduera amaitzean emango dena eta parte-hartzaileko, gutxi gorabehera, 45 euroko balioa duena.

Izena eman ahal izango da jarduera argitaratzen den egunetik hasi eta apirilaren 26ra arte, hori barne, edo, bestela, eskainitako plazak amaitu arte.

20 plaza eskainiko dira, eta izena emateko ordenaren arabera esleituko dira plazak. Interesdunek, izena online emateko, museoaren inprimakia bete beharko dute edo mezu elektroniko bat bidali didaktika@cristobalbalenciagamuseoa.com helbidera.