Musikaz eta ilusioz beteriko ongietorria

Olentzero eta Mari Domingi galtzagorriekin, joaldunak eta jentilak. /  ARANBERRI
Olentzero eta Mari Domingi galtzagorriekin, joaldunak eta jentilak. / ARANBERRI

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Gustura zegoen Olentzero astelehen iluntzean.Gauean etxeetako txoko desberdinetara sartu aurretik, herriko pilotaleku ingurura gerturatu zen herriko txikienen gozamenerako. Ondo lagunduta gainera! Kalezar aldera iritsi zen 18.00ak aldera eta han zituen zain gerora herrira bidean bidelagun izango zituenak. Jentilak izan ziren bidea irekitzeko ardura izan zutenak eta zanpantzarren hotsek ikazkinaren etorrera iragarri zuten lau haizetara. Galtzagorriak ere aurretik izan zituen idi pareak garraiatutako txondorradun gurdiaren gainean zetorren Olentzerok. Atzetik, berriz, aurrez euskal presoen eskubideen alde kantuan aritu ziren herritarrak zetozen, Xua, Olatz Lasagabaster eta Patxi Urangaren etxeratzea eskatuz.

Bitartean, herrian zain zeuden herritarrak. Jende ugari Bordatxo aurreko errotondan eta haurrak gustura, bai Olentzero zetorrelako eta bai jentilekin jolasean, ihesean eta argazkiak ateratzen ibili zitezkeelako. Dema plazan, berriz, sutondoan zegoen Mari Domingi herritarren gutunekin Olentzeroren zain eta bertara iristearekin batera ongi etorri beroa egin zion.

Etxetik urrun daudenak gure artean izateko nahia agertu zuen. «Iaz ere enkargu hori eman nien politikariei baina urtebeteren buruan ikusi dut, politikariak harrizko bihotza dutela». Etxeko txikienentzat ere hitzegin zuen noski! «Gaurko gau hau, haur txikitxoen eta gazteen gaua da. Seguru nago, gaur gaueko ametsa ni izango naizela, zapata denak oso txukun jarri omen dituzte, garbi-garbi eginda. Txintxo portatu diren guztiei, lo diren artean hantxe pasako naiz».

'Hator hator mutil etxera' abestia kantatu eta trikitixarekin amaitu zen ekitaldia.

 

Fotos

Vídeos