Musikaren eragina zahartze aktiboan

Do re ni elkarteak Orioko boluntarioak nahi ditu ikerketa batean parte hartzeko. Elkarteak bilera irekia antolatu du kultur etxean ekainaren 12an, asteazkena, arratsaldeko 18:45tan hasita. Batipat 55 urtetik gorako boluntarioak behar ditu, eta aztertu nahi den gaia zera da: musikaren eragina zahartze aktiboan. Izan ere, Xabier Lizaso musikari oriotarrak zuzentzen duen Do re ni elkarteak ikerketa zientifiko bat egin nahi du, musikak zahartze aktiboan daukan edo eduki dezakeen eragina modu fidagarrian neurtzeko.

Ikerketa hori egiteko, elkartea harremanetan dago Osakidetzarekin eta Donostiako BCBLko zientzialariekin (Basque Center of Cognition, Brain and Language). Datorren asteazkeneko bileran azalduko dute zer eta nola ikertu nahi duten, eta deialdia egiten diete 55 urtetik gorako oriotar guztiei, bertara azaltzeko eta ikerketa horretan boluntario gisa parte hartzeko.

Proiektua azaltzeko, hiru hizlarik hitz egingo dute: Xabier Lizaso musikariak, Jose Manuel Lopez Bragado, Osakidetzakoa, eta Nicola Molinaro, BCBLko zientzialariak. Esan bezala, herritarrei eta inguruetakoei animatzen zaie asteazkeneko deialdira bertaratzeko, azalpenak entzun eta ikerketan parte hartzera.