Borrar
Asteburuan egin zuten ekimen honen aurkezpena Sutegin. JOSU ARANBERRI
Mundualdiaren festa larunbatean egingo da

Mundualdiaren festa larunbatean egingo da

40 jatorri ezberdin daude Usurbilen, eta gehienak, 769 herritar, Europako estatu-nazio ezberdinetatik etorritakoak dira

JOSU ARANBERRI

ZARAUTZ.

Martes, 16 de octubre 2018, 00:21

Necesitas ser suscriptor para acceder a esta funcionalidad.

Compartir

Larunbat honetan ospatuko da Mundualdia jaialdia, Usurbilek pilatzen duen kultura-aniztasuna herriko plazan biltzeko asmoz. Izan ere, Usurbilgo udal-ordezkariek argi dute: «Kultura-aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza gure herriaren ikur bihurtu nahi ditugu. Ikur ez ezik, gure eguneroko jardun. Aniztasunak aberastasuna baitakar gure herrira; ez, ordea, mehatxua». Horretarako bokazioa du Mundualdiak.

Mundualdia ate joka dagoen honetan, pasa den astean aurkeztu zituzten Mundualdiaren bueltan antolatu diren ekimenak. Hain zuzen, udal-ordezkariak eta azken urteotan Euskal Herria kanpotik Usurbilera bizitzera etorri diren herritarrak eskuz esku aritu dira lanean, herrian pilatzen den kultura-aniztasuna plazan erakusteko helburuz. Izan ere, jatorri arras ezberdinak dituzten gero eta herritar gehiago bizi baitira Usurbilen. Datu horiek guztiak Aztikerrek bildu ditu, 'Usurbilgo jatorri aniztasuna zenbakitan, 2018' azterlanean.

Maria Salsamendi Gizarte Politikak eta Aniztasuna Departamenduko arduradunak aurkeztu ditu datuok. Haren esanetan, immigrazioa ez da fenomeno berria gurean. Euskal Herrian immigrazioaren tradizioak indar handia izan du, eta, ondorioz, baita Usurbilen ere. Usurbilek XX. mendean bi migrazio «olatu» nagusi jaso ditu, Espainiako Estatutik etorritakoena (1950 eta 1980 artean batik bat) eta munduko beste estatu eta kontinenteetatik etorritakoena (90eko hamarkadatik aurrera). Hala, bi migrazio olatu horiek eragin nabarmena dute gaur egungo usurbildarren jaiolekuen araberako mapan. Honako hauek dira nabarmentzeko moduko datuak.

%43a bertan jaiotakoa

Usurbildar guztien (6.162) % 43a udalerrian bertan jaiotakoa da eta Usurbilgo herritarren hamarretik zortzi baino gehiago Euskal Herriko udalerriren batean jaiotakoa da (%83,1). Beraz, datu honek erakusten digu Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren ehunekoa baxua dela.

Euskal Herritik kanpo jaiotako usurbildarren artean, kontinenteka, jatorri nagusia Europako Estatu-nazio ezberdinetatik etorritakoena da: Guztira 769 herritar dira, eta herritarren %12,6 osatzen dute; Amerikatik etorritakoak 198 dira eta herritarren %3,1 osatzen dute, (Ertamerikatik 72, Antilatik 19, eta Hego Amerikatik 107); Afrikatik 56, %0,9 (gehienak Saharaz hegoaldetik eta Marokotik iritsitakoak dira), eta Asiatik 17 (%0,3). Beraz, herrialde guztiak kontuan hartuta ia 40 jatorri ezberdin ditugu Usurbilen.

Jaiolekua eta sexua alderatuz gero, multzo gehienak orekatuak dira, hau da, gutxi gorabehera emakumezko adina gizonezko bizi dira Usurbilen. Ez da horrela gertatzen beste kontinenteetatik etorritako usurbildarren artean, eta desoreka hori lanpostuaren eraginez gertatzen da. Esaterako, Hego eta Ertamerikatik datozen gehiengoa emakumeak dira (% 61,1), eskaera handia dagoelako hemen zaintza eta zerbitzuekin loturiko lanpostuak betetzeko. Aldiz, Afrika edo Asiatik etortzen direnak, batez ere, gizonezkoak dira, % 64,3 eta % 58,8, hurrenez hurren. Bestetik, azken urteetan iritsitako migratzaile berrien gehiengoa gaztea da eta lan egiteko adinean etorritakoa. Migratzaile berriek 30 eta 40 urte bitarte dituzte, eta udalerriaren gaztetzea eragiten dute.

Krisi ekonomikoa dela eta, migratzaileen etorrerak geldialdia izan du, eta azken urteetan lehen aldiz, migratzaileek udalerrian duten pisua jaitsi egin da. Jaitsiera hori ez da Usurbilen bakarrik gertatu, Gipuzkoan ere antzera gertatu da. Hala, Espainian jaiotakoek herritarren % 10,8 osatzen dute, eta munduko beste estatuetatik etorritako herritarrek % 6,1 osatzen dute.

Mundualdia, topagune

Hain zuzen, horixe da Mundualdiaren helburua, Josune Estella zinegotziaren hitzetan: «Jatorri horiek guztiak plazara ateratzea. Munduko kolore eta zaporeek herriko plaza hartzea. Gure egitea. Etxeko. Egun batez bada ere». Hala, Ghana, Mauritania, Italia, Kuba, Nigeria, Euskal Herria, Sahara, Honduras, Errumania, Pakistan edota Nikaraguako herritarrak elkar hartuta, bakoitzak berea, bere sorterria, bere sorterriko kulturako adierazgarriak eta jakiak erakutsiko dituzte herriko pilotalekuan.

«Herri anitza garela aldarrikatzetik, mundu bat garela erakustera. Biltzera. Mundualdiak guztion aterpe izan nahi baitu», nabarmendu zuen Estellak aurkezpenean. Izan ere, haren esanetan, kultura-aniztasuna, elkar errespetua eta elkar aitortza gure herriaren ikur bihurtu nahi dituzte. «Ikur ez ezik, gure eguneroko jardun. Aniztasunak aberastasuna baitakar gure herrira; ez, ordea, mehatxua».

Izan ere, Josune Estellak nabarmendu zuenez, gurera etorri diren herritarrak, bizitza berri bati ekin nahi dioten gizabanakoak dira: «Pertsona horiek iragana dute: kultura bat, hizkuntza bat, eta erlijio bat. Eta ez dute zertan abandonatu».

Hain justu, Mundualdiak herriko plazan zer diren erakusteko aukera eskaintzen die. Gainerako usurbildarrok ezagutu ditzagun. Haien hizkuntza, kultura, jakiak, arropak, dantzak, ohiturak... gurekin parteka ditzaten. Arrotza eta ezezaguna zaiguna, ezagun bihur dezagun. Etxeko. Elkarrengandik asko baitugu ikasteko. Partekatzeko. «Baina, berdinetik berdinera», dio Estellak. «Elkar aitortuz. Haiek gu, eta guk haiek. Bi norabideko elkar-ekintzan. Izan ere, guk haiena ezagutzea bezain garrantzitsua da, haiek gurea ezagutzea. Gurea eurena ere badela sentiaraztea, eurena albo batera utzi gabe, noski. Ezer inposatu gabe. Kolore bakarreko baino, kolore anitzeko herria eraiki nahi dugulako. Modu horretan, eta ez bestela, saihestuko baititugu gatazkak eta estereotipo faltsuak».

Reporta un error en esta noticia

* Campos obligatorios