San Martin jaiak gaurtik datorren igandera arte izango dira Errezilen

Aukera zabala egongo da igandean izango den azokan. /  YARZA
Aukera zabala egongo da igandean izango den azokan. / YARZA

YARZA ERREZIL.

Ohitura den bezala San Martin egunaren inguruan jai-egitarau berezia antolatu da Errezilen herriko zaindariaren omenezko jaiak ospatzeko. Gaur ostiralean hasiko dira jaiak eta datorren igandera arte luzatuko dira. Gaur arratsaldean, 16:30ean haurrentzako jolasak antolatuko dira, eta 19:00etan triki-poteoa egingo da herriko trikitilari gazteekin. Jaien hasierako txupinazoa 20:00etan botako da Borondegiko balkoitik, eta aurten festetako kale-garbitzailea izango da suziria botatzeko arduraduna. 21:00etan herri-afaria egingo da frontoian, Akerrak antolatuta. Gauerdian, dantza-emanaldia eskainiko dute gaztetxoek eta jarraian Elizagoien ahizpekin erromeria.

Bihar, mus txapelketa antolatuko da 15:30etik aurrera eta 17:00etan haurrentzako jolas txokoak antolatuko dira, frontoian. 18:00etan triki-poteoa egingo da eta 20:30ean sagardo eta pintxo-dastaketa frontoian. Gaueko 23:00etan Obaneuke taldearen dantzaldia hasiko da.

Igandean, San Martin eguna ospatuko da. Goizeko 11:00etan Meza Nagusia izango da elizan. Jarraian, eguerditik aurrera herriko produktuen azoka egingo da. Azokaren baitan gazta eta tarta lehiaketa herrikoia antolatuko da. 17:30ean bertso emanaldia egingo da elizan Andoni Egaña, Onintza Enbeitia, Agin Laburu eta Alaia Martin bertsolariekin. Gai-jartzailea Nekane Zinkunegi izango da.

San Martin jaien azken eguna datorren igandean, hilaren 18an egingo da. Goizeko 10:30ean gaztetxoentzako lasterketa antolatuko da eta jarraian, 11:30ean, Helduen IV. Kros Mistoa egingo da. 13:00etan jubilatuen omenezko meza eskainiko da elizan, eta 13:30ean, ardo-dastaketa egingo da dantzalekuan. Ondoren, jubilatuen bazkaria egingo da Borondegin. Jaiei amaiera emateko, 'Bakean dagoenari bakean utzi' binakako monologoa eskainiko da Borondegin.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos