Malkorbe hondartzan bainu egokituaren zerbitzua indartu da

Bainu egokitua. Zerbitzu honetan laguntza ematen duten eragile eta erabiltzaileak Malkorben. / AMAXKAR
Bainu egokitua. Zerbitzu honetan laguntza ematen duten eragile eta erabiltzaileak Malkorben. / AMAXKAR

Mugikortasun murriztua duten pertsonek txoko ezin hobea aurkitzen dute Getarian itsasoan bainua hartzeko

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Badira 24 urte Gurutze Gorriak mugikortasun arazoak dituztenentzako bainu egokiturako zerbitzua eskaintzen duela, horietako lauzpabost Getariako Malkorben. Aurten indartu egin du zerbitzua, izan ere, zortzi aulki anfibio gehiago eskuratu ditu eta beste bi sorosle jarri jardunean. Eusko Jaurlaritzaren, Gipuzkoako Foru Aldundiaren, Getariako Udalaren, Kutxa Fundazioaren eta Getariako Arrantzale Kofradiaren laguntzarekin lortu da.

Uda honetan Malkorbe hondartzan bainu egokituaren zerbitzua indartu egin dute. Honen berri eman dute Felix Zubia Zarauzko Gurutze Gorriko presidenteak, Haritz Alberdi Getariako alkateak, Emeterio Urresti Kofradiako presidenteak, Irati Arroyo Cristobal Balenciaga Museoko ordezkariak eta zerbitzuaren hainbat erabiltzaileek.

Aulki anfibioek, makuluek (taka-taka) eta salbamendu-txalekoek osatzen dute bainurako gailuen multzoa, eta bainua erraztu egiten diete desgaitasuna duten pertsonei, betiere alboan Gurutze Gorriko sorosleak dituztelarik. Bainuaren iraupena 25-30 minutukoa izaten da, eta bi soroslek hartzen dute parte. Bainua hartzeko interesa dutenek Malkorbe hondartzara hurbil daitezke eta eskatu edo hitzordua eska dezakete honako telefono zenbakira deituz; 617 452 153.

Kultura eta hondartza

Cristobal Balenciaga Museoak eta Getariako Udalak, Gurutze Gorriarekin eta Kutxa Fundazioarekin lankidetzan, mugikortasun murriztuko pertsonaz osatutako taldeen sarbidea ahalbidetzeko eta gizarteratzeko plan aparta aurkeztu dute. Parte-hartzaileek bisita gidatua egingo dute Getariako jostunari eskainitako museoan, haren sorkuntza-lan bikainak ikusteko eta herriko ondare kultural eta natural aberatsaren berri izateko eta bide batez bainu egokitua izango dute Malkorbe hondartzan. Iraupena, 3-4 ordu gutxi gorabeherakoa izango da. Esperientziaren barne Museora bisita eta bainu egokitua sartzen dira eta dohainik eskaintzen da. Aurrez, izena ematea beharrezkoa da eta gehienez ere, 15 laguneko taldeei zuzenduta dago.