Goi mailako eskubaloi partidua larunbatean

Bera Bera eta Barakaldoko Zuazoren artean, 12:00etan, Karela Torneoaren lehen edizioan

El Diario Vasco
EL DIARIO VASCOORIO.

Datorren larunbat honetan, abuztuaren 17an, Orio Eragin Eskubaloi klubaren sorrerarekin batera bere lehenengo edizioa izango duen I. Karela Torneoa ospatuko da. Karela Torneoan goi mailako taldeek parte hartzea da helburua, eta lehenengo edizio honetarako emakumeen eskubaloian dauden euskal talde garrantzitsuenek hartuko dute parte. Donostiako Super Amara Bera Bera eta Barakaldoko HGB Zuazo Eskubaloia izango dira aurrez aurre, lehen mailako Iberdrola Ligako bi euskal taldeak, hain zuzen, 12:00etan jokatuko den neurketan.

Partidua jokatzearekin batera Orio Eragin Eskubaloi klubaren sorrera ospatzeaz gain, klubari bultzada emateko helburua dago. Hori dela-eta, partidua ikusteko sarrerak 5eurotan egongo dira helduentzat (2 euro 12 urtetik beherakoentzat). Orio Eragineko bazkideek beherapena izango dute eta 3euro ordaindu beharko dute partidarako sarrera lortzeko. Egunean bertan bazkide egiteko aukera ere egongo da sarreran bertan. Gainera, sarrerarekin batera, partiduaren atsedenaldian opari desberdinak zozketatuko dira.

Abonatu kanpaina

Era berean, klubari lagundu nahi diotenentzako abonatu kanpaina martxan jarri da. Denboraldiko abonatua izateko 25 euroko kuota ordainduta, urtean zehar egingo diren ekimen eta zozketatan parte hartzeko aukera egongo da. Esan bezala, besteak beste, Bera Bera-Zuazo partidako sarreratan beherapena izango dute bazkideek.