Maiatzeko lehen igandearekin batera, Andatza eguna bihar

Festa giroa izango da nagusi bihar goizean Andatzan. /  ARANBERRI
Festa giroa izango da nagusi bihar goizean Andatzan. / ARANBERRI

Erle Egunean egin zen antzera, familia plan berria prestatu dute eta «sorpresaz betetako igoera izango da»

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Asteazkenean maiatzean sartu ostean, maiatzeko lehen igandearekin batera dator Andatza eguna ere. Aspaldiko usadioa da maiatzeko lehen igandean herriko nagusira igo eta jai giroan bertan egotea, eta aurten ere horretarako aukera izango da. Beti bezala eguraldiari begira jarriak izango dira asko eta asko biharko plana egiteko. Hala ere, eta azken momentura arte eguraldiaren peskisan egon gabe Andatza eguneko egitaraua osatu dute antolatzaileek.

Lau urteko etenaldiaren ostean, pasa den urtean berriz ere jai giroan Andatza eguna ospatu ostean, Andatza Mendi Kirol Elkarteak gozi pasa polita iragarri du.

Lan talde berria

Aurtegoan lan talde berria sartu da mendi elkartean eta Andatza eguna indartu nahi izan dute. Honela, osagai berri bat izango du Andatza Egunak; jolasak. Eskola Kiroleko proiektua berritzen ari diren Zirimarako hezitzaileen eskutik Andatzara familia giroan eta jolasean igotzeko gonbita luzatzen dute.

Erle Egunean egin zuten antzera, familia plan berria prestatu dute. «Sorpresaz betetako igoera izango da», iragarri dute Udarregi Ikastola, udala eta Noaua! Kultur Elkartea sustatzaile gisa dituen proiektuko hezitzaileek. Jolas batean parte hartzera animatzen gaituzte Andatzara igotzeko.

«Behin Andatzara igotakoan, familia argazkia atera eta beste jolas batzuetan parte hartzeko aukera izango da. Beherako ibilbidea bakoitzak nahi duenean egingo du», berri eman dute. Andatzara igotzeko hiru abiapuntu finkatu dituzte. Ibilbideari ekiteko lehenengo hitzordua dema plazan izango da 9:00etan. San Estebango ermitan izango da ibilbideari ekiteko bigarren hitzordua 9:30ean. Haurrekin egiteko egokiagoa. Ibilbidea jolas batean parte hartuz egingo dute. 10.00etan Igartzazabal baserrian ibilaldian sartzeko aukera izango da.

Andatzako txabolan, berriz, pintxoak eta sagardoa izango dira 10:30etatik aurrera eta aurrez esan bezala jolasak 12:00ak inguruan Andatzako zelaian Zirimararen eskutik.

Andatza M.K.K., Zirimara (Udarregi Ikastola, Usurbilgo udala eta Noaua! K.E.) eta Santueneko lagunak dira aurtengo Andatza Egunaren antolatzaileak.