Larunbatean lehiatuko da Getariako Triatloia ohiko ibilbidera itzuliz

Nerea Arregi txirrindua eskuan duela joan den urtean. / AMAXKAR
Nerea Arregi txirrindua eskuan duela joan den urtean. / AMAXKAR

Neskak arratsaldeko 16:00etan aterako dira eta ordu laurden geroago emango zaio hasiera gizonezkoen probari

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Hilak 27an, datorren larunbatean, Getariako triatloiaren 5. edizioa rgingo da Getarian herriko triatloi elkartearen antolakuntzarekin.

Pozez jaso dute Getaitriko kideak aurten ere herriko triatloiari eman zaion harrera ezin hobea. 24 ordutan inskripzioak itxi izana horren adibide garbia izan da. Antolatzaileen esanetan, «gugan jarri duzuen konfiantza itzuli nahian, aurtengo edizioa ere dedikazio eta ilusio handiz prestatu dugu, eta Getariako Udala, kolaboratzaile, babesle eta boluntarioen laguntzari esker aurrera atera ahal izan dugu».

Larunbateko probak izango dituen xehetasunak kirol atalean hauek izango dira. Irteera hondartzaren erdialdean izango da. Neskak arratsaldeko 16:00etan aterako dira eta ordu laurden geroago emango zaio hasiera gizonezkoen probari. Badian zehar 750 metro igeri egin ondoren Gurutze Gorriaren eraikinaren parean egongo da helmuga. Bertatik boxetara abiatuko dira. Igeriketako sektorearen denbora muga gizonezkoen irteera eman eta 25 minututan ezarriko da. Boxak Gurutze Gorriaren aldamenean dagoen parkinean egongo dira.

Bizikletako atalean, errepideko mantentze lanak ez dira oztopo izango aurten eta zirkuitu tradizionalera itzuliko dira. Urtero bezala, Zumaiarako noranzkoan portutik irtetean eskalatzaileen unea iritsiko da. Garate igoko dute eta igoera kronometratua izango da Garaten gailurra egin ondoren, jeitsieretako abileziak garrantzia izango du. Meagatik pasa eta Oikiaraino jeitsiko dira.

Oikiatik Zumaia aldera abiatzean izango da errodadoreen txanda. Zumaiako saihesbidetik, Getariarantz bideratuko dira gure itsasertzak eskaintzen digun bistaz gozatuz.

Behin Getariara bueltan, Gaztetape hondartzako sarreratik sartuko dira boxetara. Bizikletako sektorearen denbora muga gizonezkoen irteera eman eta ordu 1 eta 25 minututan ezarriko da.

Lasterketako atalean, Portua, Gaztetape hondartza, Udaletxea, frontoia eta Malkorbe hondartza elkartzen dituen 2 kilometroko zirkuituari 2 itzuli egin beharko zaizkio. Aurten, itzuliak kontatzeko ez dute gomarik banatuko, beraz argi izan zirkuituari bi itzuli oso eman beharko zaizkiola.

Hirugarren itzuliaren hasieran, Artzapeko zigi-zaga hartuz, Kale Nagusitik helmugarako bidea hartu beharko dute. Ikusleen animoak zirkuitu osoan zehar izango dituzten arren, bereziki azkenengo kilometro honetan, gozatu ederra hartzeko aukera izango dute.

Sariei dagokionez lehengoak 300 euro, txapela, trofeoa eta maillota jasoko du. Bigarrenak 200 euro eta trofeoa eta hirugarrenak 100 euro eta trofeoa. Sailkapeneko bost lehen sailkatuek doako dortsala izango dute 2020ko VI. ediziorako. Getariatik Garaterako igoera kronometratua izango da, eta azkarrenek Txomin Etxaniz saria jasoko dute. Helmugara iristen diren lehenengo getariarrak, gizon eta emakumeak Nardin saria jasoko dute. Gainera, partaideen artean zozketa ugari egingo dira.