Kulturak eta sormenak eskualdean daukan eragin sozioekonomikoa neurtu nahi du Udal Elkarteak

J. M. Z.GETARIA.

Urola Kostako Udal Elkartea 2017an hasi zen eskualdeko Kultura eta Sormen Industrien (KSI) sektorea suspertzeko lanean. Geroztik, hainbat jarduera abiatu ditu, sektorearen ikusgaitasuna areagotzeko eta sektorea saretu eta profesionalizatzeko asmoz.

Hiru urteko lanketaren ondoren, Udal Elkarteak neurtu egin nahi du KSI sektoreak eskualdean duen eragin sozioekonomikoa: zein neurritan laguntzen duen ekonomiaren sustapenean, zein eragin duen gizarte-kohesioan...

Balio erantsiaren, sormenaren eta berrikuntzaren alde apustu egiten den lurraldeetan, kultura eta sormen industriek garrantzi handia hartzen dute lurraldearen hazkunde ekonomikoan. Hori dela-eta, Udal Elkarteak erabaki du aztertzea KSI sektoreak eskualdean duen egoera. Sektorearen argazkia osatu nahi du datu eta adierazle sozioekonomiko zehatzekin, etorkizuneko politiketan kontuan hartzeko sektorea izan dadin.

Azterketa hori egiteko, adierazle sozioekonomiko zehatzak jasotzeko galdetegi laburrak diseinatu ditu Udal Elkarteak, sektoreko eragileek betetzeko. Guztira, lau galdetegi sortu ditu: sortzaile-artistentzat, sektoreko enpresentzat, museoentzat eta gainerako kultur eragile eta erakundeentzat. Eskualdean, modu batean edo bestean, KSI sektorean dabiltzan ahalik eta eragile gehienengana iristeko helburuz diseinatu dira galdetegi zehatz eta laburrak. Erraz eta azkar erantzuteko inkestak dira eta, gainera, online egiteko modukoak.

Inpaktu sozioekonomikoa neurtzeko prestatutako galdetegiak hauek dira, lau esparruetara bideratuta: museoei, enpresei, sortzaileei eta azkenik kultur erakundeei bideratutako galdetegia.

Zalantzarik izanez gero, edota informazio gehiago jasotzeko, idatzi mezu elektroniko bat edo jarri Udal Elkartearekin harremanetan telefono bidez. Enpresentzako Zerbitzuak, galdetu Idoia Etxarri edo Eli Uzkudunengatik. Bertako helbide elektronikoa, enpresa@urolakosta.eus eta telefono zenbakia, 943 890 808.