San Kristobalak Narrondon

Iganderaino luzatuko dira festak egitarau oparo batekin

AINARA MARTÍNZESTOA.

Aurreko ostiralean txupinazoarekin eman zitzaien hasiera Narrondon San Kristobalei. Aste honetarako ere egitarau oparoa antolatu dute ekintza ezberdinekin. Atzotik igandera bitartean festak jarraituko du Narrondon. Atzo, San Kristobal egunez, besteak beste meza herrikoia, hamaiketakoa, sagardo dastaketa eta Son LT taldea izan ziren.

Bihar, ostirala, kartazaleentzako gaua izango da. Urtero legez, mus eta eskoba txapelketa hasiko baita 22:00etan. Bikoteko 25 euro ordaindu beharko dira museko txapelketan, eta 12 eskoba txapelketan. Izen ematea 21:30ean hasiko da. Museko txapelketan bikote irabazlearentzat txapelak eta 240 euro izango dira sariak. Bigarrenaretzat saria berriz 180 euro, hirugarrenarentzat 150 eta 120 laugarrenentzat.

Narrondoko lehenengo bikotearentzat ere izango da garaikurra. Eskoba txapelketari dagokionez, bi sari banatuko dira. Bikote irabazleak bi txuleta, bi ardo botila eta 50 euro emango ditu etxera. Bigarren gelditzen denak berriz, txanpain eta ardo botilak.

Larunbata arratsaldean txokolatada izango da 17:00etan eta 17:30ean karakol lasterketa. 18:30ean Gorriti/Lopene izango dira beraien animaliekin eta amaieran entzierroa egingo da. Gero, toka txapelketa egongo da. Afaltzeko, 21:00etan doako sardina jana eta nahi izan ezkero, sahieskia ordainduta. Ondoren, Hemengattun erromeri taldearen emanaldia.

Jaiak igandean amaituko dira, bazkari herrikoiarekin. Goizean, Astinduk antolaturiko dantza tailerra egongo da. Eguerdian berriz paella lehiaketa 13:30ean. Paella egiteko osagaiak bertan emango dira. Festak paella janarekin amaituko dira.