Kofradiak eskerrak eman dizkie Elkanoren Zeruertzan lagundu zutenei

Parrillarekin. Herriko ostalariek lan ona egin zuten afariarekin./
Parrillarekin. Herriko ostalariek lan ona egin zuten afariarekin.

Bide batez ekimenak ekarritako eragozpenak barkatzeko eskatu dute

JUAN MARI ZUBIAURREGETARIA.

Asteburu berezia izan zen joandakoa Getarian Elkanoren Zeruertza ekimena ospatuz. Antolakuntzan lanean ibili zen Elkano Arrantzale Kofradiak orain eskerrak eman nahi dizkie herritar orori emandako laguntzagatik.

Eragozpenak ere ekarri zituen antolakuntza honek, errepide mozketa edo aparkaleku gutxitzea adibidez, eta honegatik barkamena eskatu dute kofradiatik.

Eskerrak ematean nabarmendu dituzte Getariako Udala, Salbatore Abesbatza, herriko ostalaritza edo Cristobal Balenciaga Museoa. Ostalari eta tabernariek gaueko afarian eginiko lan bikaina azpimarratu dute.

Eta denak ekimenarekin bat ez etorri arren, normaltasunez dena aurrera atera ahal izatea ere nabarmendu dute. Lau ontzi bisitatzeko aukera izan zela gogoratzean, denera 5.940 bisitari izan zituztela eta bereziki gehien bildu zituena Juan Sebastian Elcano armadako ontzia izan zen, 5.106 bisitarirekin. Lau ontzidiek egindako omenaldiarekin pozik azaldu dira.