Kirola protagonista datozen asteetan

Salbatore Biatloia. Datorren larunbatean ospatuko da Malkorben hasita eguerdiko 12.00etan. Urriak 13an, Mendi Duatloia. / AMAXKAR
Salbatore Biatloia. Datorren larunbatean ospatuko da Malkorben hasita eguerdiko 12.00etan. Urriak 13an, Mendi Duatloia. / AMAXKAR

Larunbatean XVII. Salbatore Biatloia, irailak 29an Euskal Kosta Krosa eta urriak 13an mendi duatloia lehiatuko dira

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Udararen amaiera eta udazkenaren hasierarekin bat Getarian kirol proba ugari izango dira. Oporralditako atsedena baztertu eta giharrak mugitzen hasteko unea heldu da eta zuzenean izerditan egon nahi ez dutenek zer ikusia eta nori animatu izango dute.

Datorren larunbatean lehen kirol proba izango da herrian. Getariako XVII. Salbatore Biatloia egingo da eta izena emateko epea zabalik dago (horretarako www.herrikrosa.eus webgunera sartu besterik ez da egin behar). Egun berean ere izango da aukera izena emateko, goizeko 11:00etatik 11:30era. Hori bai, aurrez izena ematen dutenek 10 euro ordaindu beharko dute eta egunean bertan egiten dutenek, 15.

Beste aukera bat ere izango da biatloian lehiatzeko, hau da, erreleboka. Modalitate honetan parte har-tzen dutenek aurrez izena eman ezkero 15 euro ordainduko dituzte eta egunean bertan egiten bada 20 euro.

Proba eguerdiko 12:00etan hasiko da Malkorbe hondartzan. Lehendabizi igerian 550 metro egin beharko dituzte partaideek eta ondoren herriko kaleetan korrika beste 3.500 metro, herriko frontoian amaitzeko. Parte hartzaileen kopurua mugatua izango da, 120 lagun gehienez, eta gutxiengo adina 16 urtekoa da. Harrobia lantzen, gaztetxoak ere lehiatuko dute aurrez, Getariako II. Biatloi Txikian. Bi maila daude, lehendabizi 9 eta 11 urte bitarteko neska eta mutilak aterako dira, 11:00etan Malkorben (igeriketa 75 metro eta korrika 250). Jarraian 12 eta 15 urte bitartekoen txanda helduko da (igeriketa 150 metro eta korrika 500). Izena Turismo Bulegoan edo egunean eta doan.

Euskal Kosta Krosa irailak 29an egingo da, maratoi erdia. Zarauztik atera eta Getariatik bi aldiz pasako dira, Zumaiara doazela eta itzultzerakoan. Irristaketa saioa ere egingo da, Zarautz eta Getaria artean bi itzuli eginaz. euskalkostakrosa.eus web orrian informazio gehiago. Eta bukatzeko, Euskal Herriko Mendi Duatloi Zirkuituko proba berriz izango da urriak 13an Getarian.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos