Keta Babyautok lehen garaipena lortu du Lazkaori 4 eta 1 irabazita

Sahatsagan partida polita eskaini zuten bi taldeek. Etxeko lehen partidan argazkia atera zuten Babyautoko jokalariek. /  AMAXKAR
Sahatsagan partida polita eskaini zuten bi taldeek. Etxeko lehen partidan argazkia atera zuten Babyautoko jokalariek. / AMAXKAR

Gazte mailako areto futboleko taldeak etxean galdu zuen

JUAN MARI ZUBIAURRE GETARIA.

Getariako Keta Babyautok denboraldiko lehen garaipena lortu du asteburuan Lazkao taldearen aurka Mendibeltzen jokatutako norgehiagokan. Partida amaierako emaitzak, 4 eta 1, ez du zalan,tzarik uzten zein izan zen Orioko zelaian nagusi. Baina ez ziren gauzak ondo hasi. Hasteko ordutegia ez ohikoa izan zen, arratsaldeko 18:45ean hasi baitzen partida eta epaileak baloia jokoan jartzeko agindu eta berehala kanpotarren gola etorriko zen. Lau partidetan golik egin gabe zegoen Lazkao eta lehen minutuan Mendibeltzen Julen Azpeitiaren atea zulatzeko gai izan zen.

Bi taldeentzat jokoan zeuden puntuak oso garrantzitsuak ziren. Biak ere garaipenik gabe zeuden, Lazkaok denak galduak zituen baina Keta Babyautok bi berdinketa lortu zituen ligako bi lehen partidetan eta bi puntu poltsikoan zeuzkaten baina garaipena funtsezkoa zen Iñaki Azpitarteren mutilentzat, lasaitasun gehiagorekin jokatu ahal izateko liga hasiera honetan.

Aitor Arangurenek lehen zatiko 18. minutuan berdinketaren gola egiten zuen eta atsedenaldira banakoarekin joan ziren. Bigarren zatian Lazkaoko atearen bila atera ziren getariarrak eta lan oso txukuna eginaz ordu laurdenera etorri ziren bi jokaldi bata bestearen atzetik eta bi gol jarraian egiten zituzten, lehenengoa Iker Agirrek eta bigarrena Mikel Agirrek. 3 eta 1ekoak lasaitasuna eman zion taldeari eta futbol joko ona egiteko minutuak izan zituzten. 79. minutuan heldu zen azken gola, Joanes Uriak sartutakoa. Hiru puntuak etxean geratu ziren eta orain jarraipena Antzuolan eman beharko diote datorren asteburuan.

Areto futboleko mutilak Sahatsagan lehen aldiz jokatzen zuten larunbat goizean eta zaleek partida ederra ikusteko aukera izan zuten. Lehen zatian Mondrate nagusitu zen (1-3) baina bigarrenean berdintzea lortu zuten getariarrak. Berriz kanpokoak bi gol egin eta azkena etxekoek egingo zuten. Aukerak bai baina baloiak sartu nahi ez. Azken emaitza 4 eta 5, ikuskizun ederra eta zale asko kiroldegian. Golegileak, Lertxundik bi eta Larrañaga eta Aizpuruk bana.

Contenido Patrocinado

Fotos

Vídeos