Kantu Jiran parte hartzeko aukera gaur, 12:30etatik aurrera

Mikel Laboa plazan jarri dute hitzordua eta eguardian kantu kantari ibiliko dira. / J.ARANBERRI
Mikel Laboa plazan jarri dute hitzordua eta eguardian kantu kantari ibiliko dira. / J.ARANBERRI

Aste Santua pasa ostean, asteburuan kultur eta kirol ekimen desberdinetaz gozatzeko aukera izango da

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Gaur eguerdiko 12:30etan hasita Kantu Jira izango da herriko kaleetan zehar.Ohikoa den bezala Mikel Laboa plazan jarri dute hitzordua Usurbilgo Euskal Kantu taldekoek eta eguerdia bitartean kantu kantari ibiltzeko aukera eman nahie die herritar guztiei.

Herriko Kantu Taldeko kideak astelehenetan biltzen dira, 18:00etatik 19:00etara, Udarregi Ikastolako HH-LHko eraikinean, Agerialdeko musika gelan, entsaioak egiteko. Horrez gain, kantu liburuxka ere argitaratuta dute udalarekin eta Noaua! Kultur Elkartearekin elkarlanean. 300 euskal abesti dauden liburuxka hau Lizari liburudendan eta Noaua!n eskuratu daiteke 5 eurotan.

Txorien kantua

Bihar goizean, berriz, beste bi ekimen desberdin izango dira. Aginagan txorien kantuak ezagutzeko txangoa antolatu du Antxomolantxa elkarteak. 10.00etan jarri dute abiatzeko hitzordua eta Mikel Olano basozainarekin txorien kantu eta soinu ezberdinak ezagutzeko aukera izango da. bilaldia abiatu aurretik Olanok argibide batzuk eskainiko ditu bideo proiekzio labur batekin Aginagako ludotekan.

Goizeko 12.00etan, berriz, beste ekitaldi bat izango da Artzabalen. Artzabalgo plaza eraberrituan, azken hilabeteotan egindako eraberritze lanen ostean, inaugurazio gisara, lagun arteko herri kirol desafioa antolatu dute Artzabalgo plazako komertzioek.

Bi kirolari talde lehiatuko dira, aizkolaritza eta txinga probetan, lokots bilketan eta lasterka.