Kadete mutilen taldea, Euskadiko azpitxapeldun eskubaloian

Kadete mutilen taldea Zarautzen larunbateko partida hasi aurretik. /  J.A.
Kadete mutilen taldea Zarautzen larunbateko partida hasi aurretik. / J.A.

Gran Camping Zarautz taldearen aurka jokatu zuten finala eta 36 eta 28 emaitzarekin galdu zuten

JOSU ARANBERRI USURBIL.

Usurbil Kirol Elkarteak emaitza onak lortzen jarraitzen du aurtengo denboraldian. Duela aste batzuk jubenil mailako eskubaloi taldeak Euskadiko txapelketa lortu ostean, kadete mailako mutilen taldeak 2. postuarekin konformatu behar izan du asteburu honetan Zarautzen jokatu den Euskadiko txapelketan.

Etxeko taldea, Gran Camping Zarautz, Bidasoa-Irun, Tolosa Eskubaloia eta Usurbil Kirol Elkartea izan dira lauko finala jokatu dutenak eta azkenean, zarauztarrek eskuratu zuten txapelketa, igandean jokatutako azken partidan usurbildarrei 36 eta 28 irabazi ostean.

Herriko taldeak txapelketa bikaina burutu du. Tolosa Eskubaloia hartu zuen mendean ostiralean, 33-30, eta larunbatean Bidasoa-Irun taldea, 33-24. Zarautzko eskubaloi taldea eta herriko taldea jokatutako 2 partidak irabazita iritsi ziren txapelketako azken neurketara. Honenbestez, garaipena lortzen zuen taldearentzat izango zen txapelketa.

Aurreko norgehiagoketetan bezala, giro paregabea izan zen Zarautzko kiroldegian azken partida horretan. Lehenengo zatian parekotasuna izan zen nagusi. Usurbildarrak aurretik izan ziren markagailuan lehen zati honetan , baina 16-16ko berdinketarekin iritsi ziren atsedenaldira. 2. zatian, ordea, zarauztarrek aurrea hartu zuten markagailuan, eta pixkanaka pixkanaka aldea areagotzen joan ziren Azkenean, 36-28 amaitu zen neurketa.

Bestalde, Esther Arrojeria eta Estitxu Berasategik herriko eskubaloi jokalariek Espainiako kopa eskuratu zuten igandean Bera Bera taldearekin. Nagusitasun osoz gailendu ziren Barakaldoko Lasesarre kiroldegian Aula Valladoliden aurka jokatutao finalean, 17 eta 30 hain zuzen ere.